Durangoko Azokan eduki digitaletaz, #manifestuaz eta DRM lizentzietaz hitzegiten da

Atzo eman zitzaion amaiera aurtengo Durangoko Liburu eta Diska Azokari. Etorkizunean argitaletxeek beraien lehen katalogo digitalak eta gailu elektronikoak aurkeztu zituzten azoka bezala gogoratuko dugu. Euskal liburugintzak heldu dio erronka digitalari eta argitaletxe bat baino gehiago hasi da eredu berriei forma ematen, beraz, itxaropentsu egon beharko genuke. Baina hau al da espero genuena?

Batzutan kexatu izan gara euskal liburugintzak ez zuela eskaintza nahikorik euskal irakurle digitala asetzeko. Baziren Susa bezalako argitaletxeak beraien eduki digitalak eskeintzen zituztenak, baina Elkar eta Alberdania bezalako argitaletxe pisutsuen apustuak falta ziren Sarean. Durangoko Azokan bi argitaletxe hauek beraien lehen eduki digitalak eskeini behar zituzten, jada negozio modelo gisa. Beraien aurkezpenak ikusi eta negozio berri honen inguruko inpresioak elkarbanatu ahal izan genituen azokan.

Gaiari zuzenean eutsiz, zalaparta gehien sortu duen puntua bi argitaletxeek beraien edukiei DRM lizentziak ezarri izana da. DRM lizentzia artxiboen erabilpena aztertzen duen kontrolagailu bat da. Lizentzia hau bakoitzaren ordenagailuan gorde eta edukietan ematen diren kopiak eta distribuzioa baldintzatzen ditu. Funtsean, erosleak DRM lizentziadun liburu digital bat erostean deskarga kopuru maximu bat izango du.

Ez dugu guztiz ulertzen nola editoreek ahots bakarrez Gobernuaren Ley sostenible delako aurre-proiektua (deskarga orrietara daramaten blogen blokeoa) gogor kritikatu ostean eduki digitalek DRMa eramatea derrigorrezko ikusten duten. Alde batetik garbi dute Internet erabiltzaileen ohiturak jada ezarririk daudela eta ezinezko dela ohitura hauei mugak jartzea, baina bestetik, jabetza intelektuala kultura industriaren muina dela adieraziz mugak jartzen dituzte.

Bi argitaletxeek, dirudienez, Amazonen pausu berdinak jarraitu nahi dituzte. Ez dakigu hau nork esan dien eta horretan guztiz sinistuko duten, baina proba azkar bat egiteko nahikoa da etxeko gaztetxoenei galdetzea ea zenbat disko erosi dituzten iTunes-etik. Hala ere, negozio modelu sostengagarri baten eredua jarraitu nahi bazuten, zergaitik ez jarraitu prezio bakarraren politika, 9,90$ eredua? Ulergarri izan liteke argitaletxeek DRM lizentziei eutsi nahi izana baina honek zentzua galtzen du ezarri dituzten prezioak ikusita.

Elkar eta Alberdaniak betiko liburuetan eman ohi den prezio finkoa mundu digitalean mantendu nahi izan dute beraien eduki digitaletan. Ez dakit bi argitaletxe hauek ezagutuko duten Amazonek erabiltzaileen eskutik bizi izan zuen boikota, prezio maila ezberdinak ezarri nahi izan zituenean. Boikot masibo bat egon zen, bezeroek ez baitzuten ulertzen zergaitik ordaindu behar zuten eduki batzuengatik besteengatik baino gehiago. Digitalizazio prozesu bera izanik, eta edukiarekiko garrantzi ekonomikorik ez dutenean paperak, ilustrazioak, formatuak, apalek... Zergaitik ordainduko dut eduki batzuengatik besteengatik baino gehiago?

Ez gaitezen guztiari etekina ateratzen saiatu. Gauzak aldatu egin dira, eta gehiago Sarean. Bi argitaletxe hauek jakin behar dute merkatu berri batean sartzen ari direla eta jada ohiturak eta erabilerak ezarririk daudela. Berdin dio %16 edo %4ari BEZ-ari aurre egin behar badiogun, hau ez da arazoa. Arazoa, musikak egin zituen oker berdinak egitera bideratzen ari garela, eta zulo berdinean erortzeko aukera asko ditugula da.

Oso berde gaude. Erronka berri baten aurrean gaude, baina euskal liburugintzak ezin du sinistu proba fase batean gaudenik. Errealitate bat bizitzen ari gara eta ikusiko dugu errealitate honi nola erantzuten diogun liburu dendek. Erabat jakitun gara zati digitalak ez gaituela jaten emango. Zer ezberdintzen gaitu diska dendetatik? Hala ere, argitaletxeen deskarga-txartelak saltzeko prest gaude (nahiz eta oraindik ez diren iritsi) eta jendeak nola erantzuten duen ikusi. Sarean zein liburu dendan, irakurleak du azken erabakia, ez dezagun hau sekula santan ahaztu.

Irakurtzea behar dugu, agian orain eta hemen, inoiz baino gehiago.


liburu-azoka   liburu-elektronikoa   durango   eduki-digitalak   euskal-literatura   drm