Los americanos a la Luna y los zarauztarras a Marte

Un amigo especial. El título del libro de Aitor Arana presentado en Sortaldea el viernes pasado, define de forma precisa lo que es Iñaki Zubeldia para nosotros. Un amigo especial que publicó un cuento muy especial. Aquí tenéis la historia de este libro que recomendamos día tras día a todos los niños y niñas de Zarautz. Eskerrik asko Iñaki.

Egun hauetan “Mundua Zarautzen” izeneko esposizioa eduki duzue zuen herrian eta hortik ondoriozta daiteke Zarautz ez dela edozein edo edozer. Mundua zuen baitan edukitzeko kapazak izan bazarete, jakin ezazue hori zuen “misio” unibertsalaren ezaugarri bat besterik ez dela. Pertsona unibertsalak eman ditu Zarautzek eta ematen ari da:

Musikan: - Eskudero konpositorea - Imanol Urbieta, musikaren ia esparru guztiak maisuki jorratu dituena - Laskibar, Iturria eta beste batzuk ere bai - Gaur egun konpositore ospetsua den Angel Illarramendi - Miren Fernandez eta Jaione Eskudero - Delorean taldea... eta niri ahaztu zaizkidanak, seguru ilara luze bat dela.

Literaturan: - Angel Lertxundi - Andoni Egaña - Etxeberria anai-arrebak - Gari Berasaluze - Imanol Epelde - Aitziber Etxeberria - Salbatore Mitxelena... eta beste hainbat.

Kaperotxipi margolaria.

Bertsolaritzan: - Basarri - Zaldubi - Andoni Egaña - Mantxi - Nahikari Gabilondo

Surfean: - Aritz Aranburu - Axi Muniain - Hodei Collazo

Futbolean zer esanik ere ez: - Iribar - Argote - Txurruka - Manu Urbieta - Dani Estrada - Marina Agoues

Triatloian: - Ainhoa Murua

Balea harrapatzen ere “artistak” eta ausartak izan omen ziren zarauztarrak, nahiz eta getariarrek adarra jotzen dieten beren kantuarekin: «Zarauztarrak txoruak balia hiltzera, arpoi amots-amotsa harriari sartzera». Baina badakizue ondoko herrien arteko pikeak edo tiki-mikiak izaten direla horiek.

Baina hau dena ez al da etorriko antzinako imajinario ezezagunen batetik. Neu ere imajinario horrek ukitu ninduen “EUSKALDUN BAT MARTEN” idazterakoan eta imajinario hori osatzen uste dut lagundu nuela garai hartan nire liburuarekin. Horretaz hitz egitera etorri naiz, oso liburu berezia delako euskal liburuen unibertsoan ere, eta zuek seguru asko ez duzue jakingo liburu hori lehenengo aldiz 1982an argitaratu bazen ere, 1969an idatzi nuela nik, amerikanoak ilargira joan ziren garai haietan. Egun hauetantxe, abuztuaren hasierako lau-bost egun hauetan idatzi nuen Ikaztegietan, nire herrian. 1968-1969 ikasturtean irakasle izan nintzen Zarauzko Antoniano ikastetxean, praile estudiante izanik, urtebeteko froga-denboraldia pasatu bainuen bertan. Eta ikasturtea bukatzearekin batera praile estudiante izateari utzi nion ekainaren bukaeran. Zarauzko urte horretan ume txikiei eskola ematen nien eta konturatu nintzen ume haiek ez zeukatela ia ezer euskaraz irakurtzeko. Ipuin xume batzuk idatzi eta irakurri nizkien ikasturte horretan. Hondartzara askotan etortzen ginen jolastera eta Santa Barbarara ere behin baino gehiagotan igo nintzen urte hartan. Bista zoragarriak daude handik eta Zarauzko herriaren edertasunaz jabetu nintzen berehala. Basarri bertsolariaren bertso haiek ere barru-barruraino sartuta neuzkan:

Ene, Zarautz maite,
nere amets laguna,
kantuz datorkizu
hainbat maite zaituna.
Ain zera kutuna
garbi ta txukuna
gure alaitasuna...
lore izarduna
indar daukazuna
parerik eztezuna!

Hori dena eta amerikanoek Apolo 11n ilargira egindako bidaia nahikoak izan ziren nire inspirazioa pizteko. Esan behar da ilargira joate hura gauza izugarria izan zela garai haietan. Beste konturik ez zen entzuten bazter guztietan. Telebistan ere huraxe ematen zuten behin eta berriz.

1969ko uztailaren 16an irten zen Apolo 11.a ilargirantz eta hil beraren 21ean iritsi ziren Collins, Aldrin eta Neil Armstrong astronautak ilargira Columbia izeneko moduluan. Columbia modulua airean geratu zela uste dut Collins gidari zuela eta Eagle moduluan jaitsi ziren ilargira Aldrin eta Armstrong. Gauza harrigarria zen mundu osoarentzat, Armstrong-ek esan zuen modura: «Urrats txikia gizon batentzat, baina jauzi erraldoia gizadiarentzat». Baina gure aitona-amonek ez zuten berehalakoan onartu pertsona ilargira joan zitekeenik. Ilargia izaki biziduna zen haientzat, oinpean hartu ezin zena. Gogoratu bestela ilargian dauden (eta han ikusten diren) gizona eta txakurra (kontatu egurgilearen, egur lapurraren edo belar sortarekin zihoanaren ipuina, Europa osoan ezaguna dena).

Hura dena entzun, ikusi eta bizi izandakoan, nire irudimena gaztainez beteta sutan dagoen danbolina bezala bueltaka hasi zen, bidaia espazialen bat extralurtar eta guzti kontatu behar nuela nire ikasleentzat edo euskal ikasleentzat... Zazpi bat egunetan martetarrak eta beren bidaia buruan erabili nituen. Eta non bilatuko nuen Zarautz baino toki hoberik martetarrek lur hartzeko. Nire eskolako umeak nituen gogoan eta haien jolastokiak eta ingurune ederrak izango ziren Marteko izaki txikientzat pausaleku. Zazpi egun horietan ipuina buruan nahiko ondo lotuta neukala jabetu nintzenean, Ikaztegietan, nire etxe atarian mahai txiki bat jarrita, idatzi nuen EUSKALDUN BAT MARTEN ipuina bost egunetan.

Baina, nik 24 urte bakarrik neuzkan eta ez nintzen idazle ofizial sentitzen, eta ez nuen inongo argitaletxetara aurkeztu. Eskoletan ibili zen foliotan idatzita. Jendeak ezagutu zuenean, eskatu egiten zidan ipuina eta nik gustura ematen nien kopia bat, haiek ere beren umeei irakur ziezaieten. Denek esaten zidaten polita zela, baina horrelaxe jarraitu zuen 13 urtetan.

Esan behar da izenburua garrantzitsua izaten dela eta nire lehenengo izenburuak lotsa eta guzti sentiarazten dit gaur egun. Ez dakit zergatik, baina “Manueltxo alkate” jarri nion izenburua eta, noski, Manueltxo zen protagonistaren izen originala. Gero, 1975en bukaera aldera Irun Hiria Sarira aurkeztu nuen izenburua eta protagonistaren izena aldatuta: “Unai agintaria” uste dut jarri niola. Eta 1976ko otsailean eman zioten Irun Hiriko lehen saria, ipuinen atalean.

Baina 1982ra arte ez zen argitaratu ipuina. Migel Strogoff eta antzeko nobela potoloak baziren euskaraz, baina era honetako liburu xumerik ez. Joxantonio Ormazabalek ezagutzen zuen eta asko gustatzen zitzaion, baina horretarako sail berezi bat sortu behar zen, 8-10 urteko umeentzat egokia izango zen bilduma. Eta horrela sortu zen PERKAX izeneko bilduma eta orduan bai serio jarri nintzen pentsatzen izenburuan, edozein izenburu ez baita egoki liburua apal batean ikusteko garaian. Eta buelta asko eman ondoren izenburu polita asmatu nuela uste dut: EUSKALDUN BAT MARTEN”. Benetan zarauztar bat Marten izan beharko luke, baina euskaldun jarrita euskal imajinariorako unibertsalagoa iruditzen zitzaidan. Eta horrelaxe Perkax sailean atera ziren EUSKALDUN BAT MARTEN eta KASKARINTXO biak batera, 1982an. Eta ia ezer ez zegoenez 8-9 urteko umeentzat, sei hilabetean agortu ziren biak: 5.000 ale izenburu bakoitzetik. Erraz esaten da. Gaur egun ia ezinezkoa da hori, batez ere haur literaturan.

Eta hara nondik, euskal umeek arrapazka irakurri zuten urte luzeetan mutiko zarauztar unibertsalaren liburua. Uste dut liburu honek ere lagundu diola euskal jendeari zarauztarrak bere imajinarioan oso goian jartzeko garaian. Hortik ausartu naiz izenburu hori jartzera:

«Amerikanoak ilargira, zarauztarrak Martera.»

Eta orain aitorpen txiki bat egin behar dizuet, eta apika laguntza eskatu ere bai. Liburu hau frantsesez ere jarri du Cyril Taffin izeneko Aitor-en lagun batek (beno, orain nirea ere bada). Izenburua:

“Un enfant sur la planète Mars”

Baina nik ez dakit obrak kanpoan argitaratzen. Euskarazko bertsioa 13 urte egon bazen argitaratu gabe, beldur naiz hau ez ote den gehiago egongo, nire abilezia ezagututa. Norbaitek ezagutzen badu bideren bat hau Frantzian, Kanadan edo Suitzan argitaratzeko, eskertuko nioke laguntza edo pistaren bat ematea. Horrela zarauztarrok ere unibertsalago bihurtuko zarete eta euskal imajinarioa kanpoan zabaltzen lagunduko genuke.

Mila esker denoi.

Euskaldun bat Marten

Autor:
Editorial: Ibaizabal
ISBN: 9788483940808

Lendabizi, haurrak izutu egin ziren baina, ondo begiratu ondoren, ovni eder bat ikusi zuten Santa Barbara gainean.

euskara   literatura-juvenil   ibaizabal