“Martetarrak Zarautzen” liburu aurkezpena Iñaki Zubeldia

Nire buruan sekula ez zen egon bigarren parte bat idazteko asmorik, baina Garoa liburudendako Imanol Agirre lagun zarauztarrak urte batzuk zeramatzan niri “mantra” bat bezala errepikatzen: “Hi, Iñaki, noizko martzianoen bigarren partea? Hori duk hire libururik politena eta bigarren parte bat egin behar hioke!”

Eta enegarrenez esandakoan, burua astintzen hasi nintzen. 2019an berrogeita hamar urte izango ziren martetarrak Zarautza etorri zirela. Horixe bakarrik izan zitekeen bigarren partea idazteko arrazoia. Eta hala sortu zen nire buruan bigarren liburu hau eta hirugarrena 2019rako etorriko dena idazteko asmoa eta inspirazioa.