Paperezko Lagunak, “Mentura dugun artean”

Lagun arteko literatur bilkurak izaten dira “Paperezko Lagunak” irakurle taldearenak. Literaturaz egiten du orobat gogoeta  eta literaturaz gogoeta egitea bizitzaz ere gogoeta egitea denez, kurtsoa amaierako azkenengo bilkurara literatur saio bat ekarriko dugu,  Anjel Lertxundiren “Mentura dugun artean”.

Tesi liburu eta saio akademikoetatik oso urrun, kontakizunaren eta kontatzearen -ongi kontatzearen- mentura eta saioa ez daudela elkarren artean mutur joka erakustera dator, betiko maitasunez, Lertxundi, ez dagoela debekurik saioaren eta atseginaren artean.   Liburuan irakur daitekeenez, idazketa bezain ekintza sortzailea da irakurketa, plaza berean elkartu behar dute biek literatur miraria gerta dadin. Joseph Conrad-ek zioen idazleak liburuaren erdia baino ez duela idazten eta irakurlearen kontura doala beste erdia. Erdi honek beste erdia behar du, beraz, zirkulua osatzeko. Gure aldetik behintzat, saiatu egingo gara betiko moduan zirkulua osatzen.

Bazatoz?

Mentura dugun artean

Autor: Anjel Lertxundi
Editorial: Alberdania
ISBN: 978-84-95589-31-6

Gogo abaildurik adierazten dizut, ordea, ez dudala oraindik bizitzaren zentzua ezagutzen, eta horretaz uste dudan apurñoa ere ezin dudala laburtu paper-mutur baten edo elkarrizketa baten bidez.