La casa de los encuentros

Lotsaren arrasto izpirik gabe euskal idazle bati zuzendu gara ea noizean behin erreseinatxo bat egitera animatuko litzateken eskatuz. Luxuzko kolaboratzaile bat, txikitako gure idazlerik maitatuena irakurri berri dituen liburuen berri emanez. Guretzat ohore bat delako eta zuentzat plazer bat izango delakoan, eskerrik asko Iñaki!! Zer demontre irakurtzen du idazle batek? Hemendik aurrera eta tartean behin, pantailaren bestaldean zauden horrentzat Iñaki Zubeldia Otegui idazleak irakurri berri dituen liburuen berri emango dizu. Ez dago sekreturik, idazteko irakurri egin behar da.

Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, Stalinen aginte garaian, bi anaia espetxeratu zituzten Soviet Batasunean akats politiko imaginario eta funtsik gabeko batzuengatik eta biek Siberiako lan-eremu berberera bidali zituzten. Horietako bat, Lev, poeta ahul, baketsu eta bakezalea da. Bestea, izenik gabeko narratzailea, bizirauten dakiena eta bere anaiaren babeslea –nahiz eta haren etsaia ere baden–, gerrako beterano zaildu bat da eta harentzat biolentzia beti «arma neutro» bat izan da, eta berak zioen bezala, gerra garaian, Ekialdeko Alemaniako lurretan bidea irekitzen joan zen etengabeko bortxaketak eginez. Bi anaiak ez dira batera iritsi Norlag-eko gulag-era edo esklaboen eremura. Eremu hau zoologiko baten antzekoa da, non «txerriak», «sugegorriak», «izainak», «otiak edo langostak» eta «kakajaleak» elkarren lehian bizi baitira izugarrikerien hierarkian nork aginduko. Bat atxilotu eta bigarrena atxilotu bitarteko tarte horretan, Lev Zoyarekin ezkondu zen, emakume judutar gaztea, zeinagatik biak lehian baitzebiltzan, eta zeina biek bizi osoan maiteko baitute. Baina esklaboen barrakoiak kokatuta dauden eremuan, «Elkartzeetarako Etxe» bat ere badago. Gulag horretan ezkontideen bisitak baimenduta zeuden, eta emakumeek asteak eta hilabeteak pasatzen zituzten bidaian, beren senarrekin txabola txiki batean gau bat pasatzeko itxaropenez. Senar gizarajoak goseak eta etengabeko lanagatiko ahuldadeak jota zeuden eta sexu harremana izateko aukera pribilegio bat baino gehiago umiliazio berri bat zen.

Narrazio hau bizirik dirauen anaiak idazten du, Ameriketara aspaldi batean emigratu eta handik bueltan Errusiara turista bezala etortzen denean, laurogei urteko agure bihurturik. Lev eta Zoya «Elkartzeetarako etxean», 1956an, elkartu zireneko istorioa eta gulageko arauak lasaitu zireneko istorioak kontatzen ditu edo kontatzen dizkio Venus izeneko alabaorde fantasmagoriko bati, ez baitu inoiz esaten alabarik duenik ere.

Iñaki Zubeldiaren iruzkina

Liburu gogorra da oso, guk ez baitakigu zenbaterainoko gogorra izan behar duen esklabo bezala egun osoa lanean aritzea, agintari krudelen mende, jan eskasiarekin, zikinkeriaz, zorriz eta arkakusoz beteta, Siberiako gulag hotz eta bakarti batean. Liburu indartsua da, pertsonaren erresistentziarako ahalmenak sinestu ezinezko mugetaraino eramaten dituena. Eta kontatzen duen istorioa beltza da, hori da nik behintzat irakurtzen nuen bitartean beti presente neukan kolorea: tokiak, pertsonaiak, kontatzen dituen historiak… beltzak dira, ilunak, askotan argi izpi ñimiñoenei ere tarterik uzten ez dietenak. Krudelkeria, pertsonon ankerkeria eta doako gaiztakeria… ez genituzke animalien artean ere topatuko.

Liburua bizkor eta barne irauli batekin irakurtzen duzu, kontatzen duena egia delako, egia lazgarria baldin bada ere. Hala ere, istorioa pixka bat iluna da, ez du barne lotura garbirik (inpresio hori eman dit niri), eta pentsatzen jarrita esaten duzu: horrelako istorio ilun lazgarria nola kontatuko du ba egileak modu argi eta ulergarrian? Gulag batean gertatzen direnak arrazoiaren eta logika guztien kontrakoak badira, esklaboen bizitza eta hango «piztia» horien guztien bizitza horren iluna, aldrebesa baldin bada nola kontatu hori modu garbi eta txukun batean? Nik uste autoreak horixe islatu nahi izan duela narrazioaren anabasa ilun eta korapilatsu horrekin: bizitza kaos malapartatu anker bat dela azaldu nahi duzunean, kontakizunak ere kaos hori nolabait azaltzea zilegi dela, irakurlea kontura dadin bizimodu hori kontatu behar duenak buruan ere sekulako zuloak eta hutsuneak edukiko dituela seguru asko gertatu zitzaionari buruz. Gainerantzean, istorioa ondo jarraitzen da eta sekulako ezinegona uzten dizu barruan, zure zuntz sentikorrenak astinduz.

La casa de los encuentros

Egilea:
Argitaletxea: Editorial Anagrama
ISBN: 9788433974686

Ya ves, Lev me acababa de decir que al cabo de una semana en los barracones –uno de los más mugrientos y embarrados de todo Norlag–, seguía durmiendo en el suelo. (Siento la necesidad de ponerlo en cursiva: en el suelo.)

anagrama   inaki-zubeldia   martin-amis