23.000 biztanle, 15 ileapaindegi eta liburu denda bakar bat

Joxe Aranzabalek dioen bezala hasi da dantza. Hainbeste denbora zain egon garen doinuak entzuten hasi gara, baina zoritxarrez musika honek ez digu dantza egiteko gogorik pizten. Dantzalekuan arrotz sentitzen gara nahiz eta mugimendu eta pausuak ezagutu. Badirudi liburu dendek datozen dantzaldietarako ez dutela gonbiterik jasoko eta honek izutu egiten gaitu. Erabakiak hartzeko unea iritsi da.

Badirudi liburu elektronikoen merkatua mugitzen hasia dela. Nahiz eta irten berri diren Barnes&Noble liburu dendaren Nook eta Kindle irakurle elektronikoa katalizadore batzuk besterik ez izan, merkatua aldatzen doa. 2009. urtean liburu digitalen salmenta hirukoiztu egin da eta oraindik negozio maila ahula izan arren, etorkizuna bideratzen doa.

Garoa liburu dendan errealitate honetan sartu nahi dugu baina oso zaila egiten ari zaigu gure lekua aurkitzea. Hasieran genuen baikortasun hori desagertzen doa. Hamalau ikastaro ezberdinetan jzan gara aurtengoan, bidean bi postgradu burutu ditugu (“Euskal Kulturgintzaren transmisioa” Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean eta “Comunicación Corporativa Digital” Alcala de Henareseko Unibertsitatean) eta liburu denden etorkizunaz galdetu dugunean aholku ezberdinak jaso ditugu: irakurketa moduak aldatzen ari direla eta espabilatzeko, belunaldi digitalak bidean direla kontuan hartzeko, sarean murgildu behar dugula edo negozio modeloak aldaketak jasango dituenez begiak ireki eta ahal dugun neurrian prestatzeko.

Hala eta guztiz ere, gero eta ezkorragoak gara liburu denden etorkizunaren aurrean. Gure ustez, liburu dendek etorkizun digital batean ez dute lekurik izango. Orain arte balio izan dugun moldeari eusten jarraitu beharko diogu. Baina noiz arte heldu ahalko diogu sinesten ez dugun gauza bati? Badakigu zenbat gazte sartzen diren gure liburu dendan eta gure herriko liburutegiaren gazte literaturaren mailegu datuak oso ondo ezagutzen ditugu. Beste tendentzia batzuk nabarmentzen dira eta irakurketa digitalak gorputza hartzen duen heinean, liburugintzak ezarrita dituen maila aldatzen hasten direnean, liburu denden bitartekotzik ez da behar izango.

Hala ere, gure zorionerako edo, digitalizazio prozesua ez da bapatean emango. Bi modeloen konbergentzi bat emango da. Euskal Herrian dugun liburu denda sarean eta bertan irakurleok ditugun ohiturak kontuan hartuz digitalizazio prozesu hau astiroago emango da. Askotan, Estatu Batuetan gertatzen den egoera ispilu gisa hartu ohi dugu, baina nahastuz, sarritan ez baitugu aintzat hartzen Euskal Herrian dugun liburu denda sarea eta liburu dendariaren lana.

Euskal liburu denda sarea amerikarra baino askoz ere indartsuagoa da. Amerikar askok ez dute beraien herrietan liburu denda edo liburutegirik eta teknologiek horregatik dute horrenbesteko indarra eta beharra. Hala ere, kontuz, agian amerikar ispilua ez baita hain ezberdina. Izan ere, 2009. urte honetan azken 5 urtetan adina liburu denda itxi dira. Herri ugari dira liburu dendarik ez dutenak (agian zure herria), beraz norantz ari gara bideratzen?

Dirudienez, 2012. urtean liburu digitalen salmentak %25 irabaziak emango dizkio liburugintza sektoreari (kantitatean ehuneko haundiago bat izango da). Olatu polita da baina guk ez dugu txanperorik olatu honetara igotzeko. Joerak gero eta indar haundiagoa du baina euskal merkatuan ez dago ohol, tabla edo txanperorik oraingoz olatura igotzeko.

Imanol Epeldek esan zigun bezala, zergaitik ditugu gure herrian 15 ileapaindegi eta liburu denda bakarra? Ezagutzen al duzue liburu denda bat irekitzearekin amets egiten duen erromantikorik? Esku bakar bateko hatzak nahikoak dira Euskal Herrian ireki diren lehen belaunaldiko liburu denda berriak zenbatzeko. Aldiz itxi direnak zenbatzeko, eskuetako hatzat eta hanketako behatzak beharko genituzke.

Akaso pittin bat nostalgiko gabiltza, baina garbi esanda, gure premiarik izango al duzue etorkizunean? Liburu denden beharrik izango ote al da?

Erantzuna betiko moduan irakurleak emango digu, ez beste inork.

Oharra. Gure sentimentuak lau haizetara zabaldu nahi izan ditugu, besterik ez. Barne-barneko kezkak dira guzti hauek. Gizabanako orori bezala, etorkizun gertuak zalantza asko sortzen dizkigu eta agian liburuekiko dugun lotura emozionala harlosa bat besterik ez da.


garoa   liburu-dendak