MerkaLiburuak, liburu denda ibiltariak

Bagdadeko morroiak, merkatuan herioarekin topo egin zuen, keinu bat egin zion heriotzak. Guk aldiz, liburuak aurkitu ditugu eta keinu bat luzatu digute. Bagdadetik Ispahanera egin zuen morroiak ihes zaldi bat hartuta Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuan. Guk ez dugu hanka egin, are gehiago, berriz itzuliko gara merkatura eta hurrengoan estand txiki bat jarriko ote dugun pentsatzen hasiak gara!

Off-line jarri, deskonektatu, ordenagailua itzali eta igande pasa bat egin dugu merkatuan liburuak saltzen dituzten kolegekin. Tartean behin atzerabuelta bat egitea derrigorrezkoa iruditzen zaigu, birtualtasunaz pittin bat paso egin eta hezur haragizko elkarrizketetan murgiltzea liburua protagonista bakar hartuta. Merkatuak elkarrizketa guneak dira eta Old-Spitalfields Marketera abiatu gara liburu-elkarrizketa bila. 1638an ireki zen merkatua eta hasiera batean Londresko fruta merkatu haundiena bazen ere, 90. hamarkadan eraberritu eta gaur egun edozer gauza aurki daiteke bertan.: janaria, arropa, pitxiak, bizikletak... eta liburuak noski. Asteburuetan jende andana biltzen da merkatuan, 30.000-35.000 pertsona inguru.

Erabat ados gaude Internet merkatu haundi bat dela esaten denean, izan ere, eta elkarrizketa gehien burutzen den merkatu erraldoia baita sarea. Gaur egun Facebook, Twitter, Tuenti eta antzeko sare sozialen bidez burutzen dira elkarrizketa gehienak, merkatu birtualean. Adibide bat jartzearren: Tuenti bertan burutzen dituzte gure gaztetxoenek beraien elkarrizketak eta merkatu bat den heinean 16.000 enpresa baino gehiago daude elkarrizketak entzunaz. Ez dugu inolako zalantzarik, bertan egotea kasik derrigorrezkoa bihurtzen dela gaur egun. Literatuaren inguruan adibidez, sare sozialetan dagoen informazioa amaigabea da eta liburugintzaren inguruko elkarrizketak etengabeak dira. Baina agindu bezala, oraingoan ez, artikulua ez doa ildo horretatik.

Orain arte aipatu gabe genuen liburu dendari genero hau: egunero, merkatuz-merkatuz, barazki, erropa, pitxi eta era guztietako salmahaien ondoan liburu stand bat jartzen duten liburu-dendari ibiltaria. “Merkatu nitxo” hau erabat ahaztuta bagenuen ere, oso interesgarria iruditu zaigu. Liburu denda eta argitaletxe independienteak kontuan hartu beharko genukeen eredu bat.

Barrow Bookseko lagunak karrotxoa (barrow) hartu eta merkatuz merkatu ibiltzen dira aukeratu dituzten liburuak eskeiniz salmahaira gerturatzen den pertsona orori. Argitalpen berriak eta bigarren eskuko liburuak aurkituko ditugu saltokian, baina ez pentsa, Dan Brown edo Stieg Larssonen libururik aurkituko dugunik Regina eta Suzannek zuzentzen duten liburu denda ibiltarian. Barrows-eko liburu dendariek literatura independientearen aldeko apustu bat egin dute. Beraien hitzetan, “kalitatearen aldeko apustu bat eta ez kantitatearen araberakoa”.

Eguna merkatuan literatura independienteaz eta liburugintzaren etorkizunaz hitzegiten pasa ostean berriz ere ordenagailua piztu dugu, gure esperientzia pantailaren bestaldean zauden horri kontatu asmoz. Bideo elkarrizketa bat ere zintzilikatu dugu pasa dugun igandearen oroigarri. Hala ere, liburu dendari-lagun anbulanteek gomendatu diguten ideiari bueltak ematen jarraitzen diogu. “Zergaitik ez duzue zuek ere stand bat jartzen hemen? Londresen hispaniar komunitate haundi bat dago, gaztelera ikasteko boom bat ematen ari da eta bide batez euskal literaturari leiho txiki bat irekiko zenieke euskarazko libururen bat edo beste eskeiniz”.

Hasiera batean, Garoa liburu denda ibiltari bat Londresen irekitze pentsatze hutsak irrifarre txiki bat sortzen digu. Printzipioz email bat idatzi diegu merkatua antolatzen duten arduradunei informazio eske. Gero-gerokoak baina amaitzeko, keinu bat egin nahi diegu euskal argitaletxe eta editore independienteei. Londresko merkatuetan beraien liburuak ikusi nahi badituzte beste keinu batez erantzuteko eskatuz.

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


liburu-azoka   liburu-dendak   barrow-books