Koadroko emakumearen bila

Literatura katalana eta euskalduna eskutik helduta doaz. Durangoko pasa berri den azokan ere herrialde gonbidatua Katalunia izan da. Harreman estu bat izan dute betidanik bi lurraldeek eta Iñaki Zubeldia idazleak oraingoan irakurtzea merezi duen euskaraz eta katalenez soilik argiratua dagoen harribitxi baten berri ematen digu.

Liburu zoragarri baten aurrean gaude eta, harrigarria bada ere, katalanez eta euskaraz bakarrik dago, oraindik erderaz ez baitute argitaratu. Liburu zoragarria esan dugu eta, artea eta Errenazimendua gustatzen bazaizu, zoragarriagoa eta ederragoa oraindik.

Goazen ba harira. Luis Duran izeneko pintore baten bizia edo gertaera harrigarriak kontatzen ditu bertan. Luigi Duran hau Tibeteko monastegi batera joaten da, bere bizimoduarekin ez dagoelako guztiz konforme eta inspirazio iturri berriak ere bilatu nahi dituelako. Han lama baten eskuetan jartzen da eta baraualdi bati ekiten dio. Baraualdiaren eraginez regresio harrigarri bat izaten du denboran eta bere burua hainbeste miresten duen Errenazimendu garaiko Florentzia aberats eta aurreratu hartan aurkitzen du. Lehen, bere bizitza normalean, izana da artearen miresle bezala Florentzian eta batez ere Ufficitarren palazioan Fra Angelico, Donatello, Lenordo da Vinci, Verrocchio, Botticelli eta beste hainbat pintore eta eskultoreren obra miresten. Bidaia hartan Verrocchioren obratzat jotzen zen Koadroko emakumeak erakarri zuen bere arreta osoa. Emakume haren begiradak hedatzen zuen malenkonia, haren edertasun naturala, haren begien distira... bere burmuinean txertatuta geratu ziren betirako.

Eta orain, ustekabean Errenazimendura eta Florentziara egindako denboran atzeranzko bidaia hartan Verrocchio bera, Leonardo da Vinci, Lorenzo de Medici il Magnifico eta beste asko ezagutzeko aukera izan zuen. Horien lagun egin zen eta harrigarriena zera iruditu zitzaion: Verrocchiok ez zekiela ezer Koadroko emakumea-ri buruz. Leonardo da Vincik argitu behar izan zion, hark zioen antzeko koadro bat pintatzen ari zela Paolo Tempi izeneko pintore gaztea. Paolo Tempiren tailerrean koadroa ikusi zuenean, bukatu gabea oraindik, hantxe zegoen emakume eder, deigarri haren begiratu zorabiagarria. Liluratuta geratu zen Luis Duran eta emakume hura ezagutu arteko onik ez zuen izan. Eta ezagutu ez ezik, haren maitale ere egin zen. Leonardo da Vincirekin, Paolo Tempirekin, Verrocchiorekin, Sandro Botticellirekin eta beste askorekin harremanak izan zituen eta Medicitarren adiskide egin zen, duomoan Lorenzo eta Giuliano Mediciren kontra egin zen atentatuan bera izan zelako Lorenzo Mediciren salbatzaile. Giulianoren bizia ezin izan zuen salbatu. Hala ere Lorenzo Medicik bere esker ona azaldu zion urrezko txanpon ugari emanez eta bere adiskide eginez.

Garai hartako errepubliken arteko intrigak eta borrokak, aita santu eta kardinalen inplikazio politikoak, pintore eta artisten bizimodua oso ongi islatuta daude obra honetan eta ikusten da Roser Barrufet egilea, italiar Errenazimenduko kulturaren eta garai hartako artisten mireslea dela eta maite duela garai hura eta garai hartan sortu zen arte sublimea eta goren mailakoa.

Hasieran esan dugun bezala liburu zoragarria, ongi idatzia eta aspertzeko aukerarik emango ez dizuna.

Iñaki Zubeldia

Koadroko emakumearen bila

Egilea:
Argitaletxea: Ibaizabal
ISBN: 9788483256633

Eta gaur, orduan metaturiko irudiek nire oroimenean oraindik garbi eta zehatz dirautela aprobetxatuz, historia hau idaztea erabaki dut.

inaki-zubeldia   gazte-literatura   ibaizabal   roser-barrufet