Zergaitik eskeini beharko liratekeen ebookak liburu dendetan

Gero eta sarriagoak dira liburu denden desagerpena iragartzen dituzten artikuluak. Aditu askok deritzote eduki digitalak zuzenean jaitsiko direla eta zalantzan jartzen dute, negozio digitalean behintzat, bitartekarien beharra, liburu denden beharra. Beraien aurreusteak ulertzen ditugu, noski, baina baita ere zilegi eta bidezko iruditzen zaigu estatuan aurkitzen diren 3.500 liburu dendak ez direla bitartekari soil bat adieraztea, kultura arloko webguneek beraien eduki digitalentzako erabili beharko lituzketen erakusleiho aproposak baizik.

Atzera utzi berri dugun urtea euskal argitaletxeek beraien lehen eduki digitalak aurkeztu zituzten urtea bezala gogoratuko dugun modura, oraintsu hasi dena bide berriei ekiteko urtea izango denaren ziurtasuna dugu. Argitaletxeek ez dute atzean geratu nahi eta pixkanaka bada ere, hasiak dira beraien negozio modelo berriei tankera ematen. Argitaletxe batzuk beraien edukiak papereko bertsioa baino merkeago eskeintzen hasi dira (Elkar eta Alberdaniaren kasuetan paperezko salneurria baino %30 merkeago), beste batzuk beraien edukiak Sarean dohainik zintzilikatzen doaz paperezko liburuen salmenta haundiagotu dezaketenaren esperoan eta beste batzuk beraien webguneen inguruan sare sozialak sortzen hasi dira beraien edukiak “premium” zerbitzupean eskeiniaz. Jakitun gara oraingoz trantsizio momentu batean aurkitzen garela eta entseatu beharra dugu irakurleak nola erantzuten duen aztertzeko.

Espainian 3.500 liburu denda espezializatu gara eta kopurua ia 8.000 dendetara iristen da liburuak saltzen dituzten establezimenduak zenbatu ezkero. Inork ez du ukatuko honelako denda sare batek izan dezakeen gaitasuna irakurleak argitaletxeen eduki digitaletara hurbiltzeko. Gaur egungo gailuek eskeintzen duten mugikortasuna medio, jada antzinean geratu da Internet-etxea lotzen zituen lotura urragaitza. Hala ere zoritxarrez paperezko liburua eta eduki digitalak ezberdintzen hasiak gara eta hau etorkizunean garesti ordain dezakegu. Liburu denden eta argitaletxeen maitasun-gorroto erlazioak emaitza onak eman ditu orain arte, eta horretan jarrai dezakela iruditzen zaigu.

Sareak eskeintzen duen bat-batekotasun eta erreztasuna bistakoak dira baina euskal argitaletxeek edo banatzaileek Sarean eta bilatzaileetan lor ditzaketen ikusgaitasuna ez da hain zabala. Argitaletxe askok ez dute lekurik izango bilatzailetan, beraien edukiak liburu denda digitalen eta banatzaileen esku geratuko baitira. Honela bada, argitaletxe askorentzat liburu denda sarea baliabide interesgarri bat izan daitekela uste dugu.

Azkar esanda, argitaletxeek ez lukete liburu denden kanala alferrik galdu behar. Argitaletxe askok aipatu zuten beraien ebookak liburu dendetan eskuratzeko aukera izango zela, baina guk ez dugu informaziorik jaso. Liburu dendak irrikitan gaude prozesu berrietan parte hartzeko eta aukera bat merezi dugula iruditzen zait.

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


etorkizuna   liburu-dendak   eduki-digitalak   argitaletxeak