Irakurketak, liburuak eta kafe bat

Ez dakit zein definizio erabili, kafetegiz mozorrotzen den liburu denda edo liburuak saltzen dituen kafetegia. Konbinazio erakargarri hau argitu beharrean aurkitzen naizenez, Foyles liburu dendara hurbildu naiz, Charing Cross Road, London. Azken liburu nobedadeak ikusi, pare bat liburu erosi, kafe bat hartzeko eseri eta doako Internet konexioaz baliatuz, portatila piztu dut artikulu hau idatzi asmoz. Liburu dendaren apustua gailentzen hasi denean, dendariak kikara txukun batean kafetxoa luzatu dit. Harrigarria bada ere, kafe edangarri bat Londonen!

Lehen, liburu dendetan liburuak soilik saltzen ziren. Gaur egun aldiz, eskaintzen duten aukera oso zabala da. Zinez, sukaldaritza esperientzi bat bizitzea posible da gune hauetan: zukuak, bokatak, zerbeza, ardoa, entsaladak, tea, kafea, zapore guztietako pastelak eta gezurra badirudi ere, "take away" zerbitzua eskeintzen dute. Gure burua tendentzi berri honetan imajinatzen hasten naizen heinean, irri jostagarri batek isten dizkio ateak Garoa liburu dendak banatutako kroketa razio, bokata eta Bernardo Atxagaren azken eleberria etxerako zerbitzu moduan eskaintzeko irudiari.

Baina, denbora eta garaiak oso bizkor doaz eta liburu dendak noski, garatuz. Garoa liburu dendan eboluzio honi jarraituz, atzean geratu nahi ez eta ideia berriei eutsi beharrean izango garelakoan gaude. Printzipioz kafearen modura ideiak dosi txikietan aztertzen gabiltza eta liburuen usain bereziari kafe egin berriaren lurrin gozoa nahastea bide berri bat izan liteke. Ez pentsa kafea eta donutsak eskeiniko dituen makina bat jarriko genuenik gurean. Gauzak ez doaz ildo horretatik. Sibarita xamarrak gara eta beste era batera eskaini beharko genuke zerbitzua.

Ondoko mahai eta butaketan eserita daudenek nire antzera ordenagailu edo laptop txiki bat dute. Batzuk liburuak irakurtzen dituzte eta egunkariak irakurtzen duenik ere bada. Ertz batean formatu txikiko kontzertuak emateko eszenatoki txiki bat dago. Liburu aurkezpenak ere bertan burutzen dituzte. Paretetan zintzilik argazki ezberdinak erakusgai dituen mostra bat.

“Hi mate! Can i sit here?” Galdetu dit nire ondora hurbildu den batek batek “Of course, you are welcome” erantzun diot. Tertulian hasi gara, italiarra dirudi... Bingo!! Siziliarra da eta hauek ez dira txorakeritan ibiltzen kafea dastatzerako orduan. Literatura maite duela adierazi dit eta Foyles kafetegiko managerra laguna duela. Kafe zurrutak eta lagun berria apuko, liburu-denda kafetegiko arduradunari bideo elkarrizketa txiki bat egiteko aprobetxatu dut.

Adiskide berriekin telefono zenbakiak elkarbanatu ondoren hurrengo baterako geratu gara, hamar egun barru izango da eta aitzakia perfektua: Peter Carey idazlearen liburu aurkezpen bat eta autorea ezagutzeko aukera kafe baten inguruan.

Etxera bueltan, etorkizuneko Garoa kafe literarioaren ideiak indarra hartzen du: irakurketak, liburu aurkezpenak, poesia errezitaldiak, argazki erakusketak, formatu txikiko musika emanaldiak, liburu digitalak wifi bidez saretik zuzenean jaisteko aukera eta kafea dosi txikietan.

Irakurtzea behar dugu, agian hemen, eta orain, inoiz baino gehiago.


etorkizuna   liburua   liburu-dendak