Nork ezartzen ditu ebooken prezioak?

Badirudi iPad eta Kindle irakurgailu elektronikoen aurkezpenen ostean eztabaida teknologikoak behingoz albo batera utzi eta orain hizka-mizka guztiak eduki digitalek dituzten edo izan beharko lituzketen salneurrietan oinarritzen direla, eta honek asko axola gaitu! Egunak pasa ahala Sarean aurki daitezkeen ebook zerbitzari berriak gero eta gehiago dira eta galdera berri asko sortzen zaizkigu: Nork ezartzen ditu ebooken prezioak? Zein da hartu beharreko jarrera egokia? Uste baino ibilbide laburragoa geratzen al zaio liburuen prezio bakarrari?

Jakina da ebooken salmentan abiatu berri diren euskal argitaletxeen gehiengoak liburuen prezio bakarra errespetatzen jarraitzea erabaki duela. Hala ere, editoreen artean bi ikuspuntu nabarmentzen dira. Alde batetik Liburuaren Legea babesten eta errespetatzen jarraitu behar denaren usteko editoreak ditugu, lege honek garbi adierazten baitu edozein oinarritan hitzeginez liburua kultura ondasun bat dela eta alderdi juridikoa errespetatuz, berdintasun osoz jokatu behar dela eduki digital eta paperezko liburuetan, bi formatuak prezio bakarraren legepean jasota geratzen direlarik. Bestetik aldiz, azalpen juridikoa hitzez-hitz interpretatzen duten editoreak, zeintzuk, eduki digitalak kultura ondasunetik ezberdintzen duten. Azken hauen ustez, eduki digitalak bukaezinak dira eta ezin ditugu jaso betiko liburuak gaur arte ulertu ditugun merkantzia edo ondasun bezala. Azalpen honi lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako liburuak prezio bakarretik salbu usten dituen legea gehitzen diote. Askapen hau posible baldin bada hezkuntza arloan, zergaitik errespetatu esparru digitalean? Zergaitik ezin dira era guztietako deskontuak eta salbuespenak aplikatu eduki digitalek erabilpen eta helburu didaktiko bat dutenean, liburutegietan edo eskoletan adibidez?

Prezio bakarra liburu denden biziraupenerako funtsezkoa baldin bada, eta honekin liburugintza industri osoaren oinarrizko zutabe, badirudi ezaugarri honek errealitate digitalean ez duela lekurik. Sarearen mozorropean dauden liburu denda elektronikoek erregela gaindiezin hau baztertzen hasiko direnaren izu gara. Liburu sektorean dihardugun profesionalok badakigu liberazio hipotetiko honek liburugintzaren katastrofe absolutua ekarriko lukela, baina akaso kezkagarriena zera da, irakurlearentzat ere ondorio oso larriak ekarriko lituzkela. Adibide bezala Ingalaterra har dezakegu. Bertan prezio librea ezarri zenean prezioek urtebeteko epean %30 egin zuten gora, liburu denda mordoxka baten desagerpenarekin batera. Ez pentsa ordea liburu denda txikiek soilik nozitzen dutenik kalte hau, pasa berri diren gabonetan Borders liburu denda guztiak itxi dira, 350 liburu denda inguru. Hainbat eta hainbat editore ingeles prezio librea babesten duen legearen aurka azaldu dira. Prezio bakarrak aldiz, monopolioa bultzatu beharrean konpetentzia librea bultzatzen du.

Honela ulergarri izan behar zaigu euskal argitaletxeek bera ien ebooken salneurria ezartzerakoan prezio bakarra errespetatzen jarraitzea. Hortik aurrera paperezko liburuaren salneurriaren %70an saltzea egokia, etikoa edo adarjotze bat den beste puntu bat da. Oraingoz ez dago argitaletxerik ez zerbitzaririk eduki elektronikoen salmenta errentagarria bihurtu duenik, salbuespen bakarra Amazon da eta honela zail xamarra da prezio politika bat ezartzea. Amazon hartzen badugu errentagarritasunaren adibide bezala, jakin beharrekoa zera da: multinazional erraldoi honek ez duela prezio bakarra errespetatzen. Hau lasai asko esateko moduan aurkitzen gara, eta horretarako Amazoni 2006an Frantzian ezarritako izunera jo besterik ez dugu, bertako prezio bakarraren politika ez erabiltzearren. Amazonek frantziar erosle berriei 5 eurotako txeke-erregalu bat oparitu zien. Erabiltzaileen fidelizazio maila haunditu nahiean opari honetara jo zuten, legeak baimentzen duen deskontu maximoa, %5, gailenduz eta konpetentzia desleiala eginaz frantziar liburu denda independenteei. Epaileak deskontu hau zalatzeaz gain, igorpen gastuak musutruk izatea ere legez kanpoko salmenta bezala definitu zituen, askotan amu bezala erabiltzen baizen nahiz eta salmentak irabazirik ez eman. Zoritxarrez, argitaletxeek ez dute autoritateen laguntzarik jasotzen guzti hau kontrolatzeko eta prezio librea aplikatzen duten liburu denda birtualen aurka ezer gutxi egin daiteke.

Gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira eduki digitalen prezio librearen alde. Adibide moduan, [Espainiako Idazleen Elkarteak][4] orain dela egun gutxi komunikatu bat igorri zuen hurrengo hitzak nabarmendu daitezkelarik: “Kaltegarritzat ikusten dugu espainiar zerbitzaritan baimentzen diren liburu digitalen deskargek 10 dolar (8,5 euro) baino gehiago balio izatea, hau izango baita mundu mailako zerbitzari haundiek ezarriko dituzten prezioak".

Guzti honen aurrean, eta errealitatea aurreikusiaz, gure buruari galdetzen diogu zein den jarraitu beharreko bidea. Guztiaren gainetik prezio bakarra bultzatu behar al dugu edo jada Sarean ezarririko ohituretara moldatu eta eduki digitalen salneurriak mundu mailako zerbitzariek ezarritako prezioetara egokitu? Garoa liburu dendatik uste dugu bigarren aukera honetara mugatzea dela egokiena, baina baliteke mugatzea besterik ez zaigula geratzen. Orain arte geldirik egoteak ondorio batzuk ekarri behar zituen eta ziurrenik hau izango da larriena, beste batzuk ezarritako prezioetara moldatu behar izatea. Baldin eta ordaintzera prest dagoen erabiltzaile-irakurlerik aurkitzen badugu bere nahietara egokitu beharko dugu eta batez ere, errespetuz tratatu.

Guzti hau aztertzen jarraituko dugu, asko baitugu ikasteko.

Irakurtzea behar dugu, agian hemen, eta orain, inoiz baino gehiago.


irakurketa-euskarriak   eduki-digitalak   argitaletxeak