55.000 liburu 120 hizkuntzetan, zenbat euskaraz?

Liburugintza interes korrelazio bat da merkatuari begira eta logikoa denez zaila egiten da euskarazko liburuak aurkitzea atzerrian. Irakurlerik ezean, merkaturik ez dago eta beraz, ezta lekurik ere euskarazko liburuentzat. Erresuma Batuan hizkuntzetan espezializaturik dagoen liburu dendarik handienera sartu gara, 55.000 liburu 120 hizkuntza ezberdinetan. Ezetz asmatu zenbat liburu topatu ditugun euskaraz?

Atzerrian Bernardo Atxaga euskal idazlearen "Obakakoak" eta "Soinujolearen semea" liburuen ingelerazko nahiz gaztelerazko itzulpenak aurkitzea posible da. Ez hain erreza ordea euskarazko aleak aurkitzea. Jakina da Sarean klik egin eta euskarazko e-bookak jaitsi edo zuzenean pantaila aurrean irakurtzeko aukera existitzen dela dagoeneko, baina oraingoan kalea hartu nahi zan dugu eta gure habitat naturalean murgildu gara; liburu dendetan. Unai Elorriagak bere azken eleberria kokatzen duen hirira salto egin eta buru gogor xamarrak izaki teilatuetatik ibili ordez, liburu-dendetan ibili gara euskarazko liburu bila. Bide batez kolegak agurtu eta espezializazioaren inguruan hausnartu dugu apur bat.

Lekuak garrantzia du, salmahai eta apalak ez baitira infinitoak eta gero eta liburu denda gehiagok espezializazioari ateak irekitzen dizkiote merkatu nitxo zehatz bat bereganatu asmoz batetik, eta liburuen super-produzioa ekidin nahian bestetik. Leku hauetan liburu tematika eta espezializazio maila ezberdina izan daiteke: komikiak, argazki liburuak, bidai liburuak, erlijio liburuak, bigarren eskuko liburuak, hizkuntza liburuak...

Atzerriko hizkuntzetan espezializatutako liburu dendek atentzio berezia sortu digute betidanik eta bat ikusi ahala barrura sartzen gara. De-formazio profesionala edo dena delakoa, deitu nahi duzuen moduan baina beti berbera egiten dugu leku hauetan: zuzenean “spanish” sekziora hurbildu eta liburuak ikuskatzen hasten gara, nobedaderik dagoen ikusi eta jarraian euskal idazleak zenbatzen ditugu. Gehienetan esku bakar bateko hatzak nahikoak dira euskal idazleak kontatzerako orduan. Zer esanik ez euskaraz idatziriko liburu bat bada bilatzen ari garena, askotan hatzak soberan daude, ez dago zenbatu beharrik.Pasa berri den asteburuan ariketa bera burutu genuen. Londoneko hamaika liburu denda ezberdinetatik pasa ginen euskarazko liburu bila. Liburu denda guztietan antzeko erantzuna jaso genuen: gaztelerazko aleak bazituztela baina “basque language”-an ezetz, lasto artean jostorratz bat bilatzea zela nahi genuen hura eta aurkitzekotan atzerriko hizkuntzetan espezializatutako liburu denda batean soilik aurkituko genituela euskarazko liburuak.

Gauzak honela, atzerriko hizkuntzetan espezializaturiko Grant & Cutler liburu dendara joan ginen: 55.000 liburu 120 hizkuntza ezberdinetan: afrikanerra, bislama, bretoia, marathia, persiera, bambara, kirghiza, quechua, nepalia, tamila, yiddisha, yoruba eta ezagutzen ez genituen beste hainbat hizkuntzetan liburu mordoa. Ohiko moduan spanish sekziora hurbildu eta euskal idazleak zenbatzen hasi ginen. Bi aurkitu genituen: jaiotzez bilbotarra zen Unamuno eta Asteasuko idazle internazioanala, Bernardo Atxaga.

Euskaraz idatziriko liburuak aldiz, bakar bat eta gainera irakurria, Atxagaren “Lekuak”. Liburuak zuen pegataren arabera hiru urte zeramatzan euskarazko-ingelerazko hiru hiztegiren ondoan. Apal berdinean eta “basque” sailaren barnean katalunierazko hirurogeita hamabi liburu zenbatu genituen. Harritu egin gintuen literatura katalanak zuen presentzia euskaldunarekin alderatuz gero, agian banatzaile hobeagoak dituzte kataluinarrek? Zergaitik aurkitu daitezke Baula argitaletxearen liburuak eta ez Ibaizabal argitaletxearenak biak Edelvives taldearen barruan badaude? Zenbat euskarazko liburu salduko dituzte liburu dendek atzerrian? Zeintzuk ote dira dira banatzaileak? Ez al dira garrantzitsuak euskal literaratura eta euskal argitaletxeentzat atzerriko erakuslehioak? Nola eskuratzen ditu euskal diasporako irakurleak euskarazko liburu kuttunak?

Grant&Cutler liburu dendako arduradunarekin tertulian ihardun ginen, banatzaileak nor diren argitu zigun, azken urte hauetan euskaraz jaso dituzten liburu kopuruaren berri eman zigun eta batez ere, ez ginen esku hutsik irten: euskal literaturak merezi duen legez, argitalpen berriak Londresera bidaltzeko konpromezua hartu eta datorren Durangoko Azokara gonbidatu ditugu.

Irakurtzea behar dugu, agian hemen, eta orain, inoiz baino gehiago.


liburua   liburu-dendak   liburudenden-kudeaketa