Top Toalla 2011

Ekuazioa errepikatu egin da aurtengo udaran ere kamarada; liburu-denda baten salmenta bolumena irakurtzen den liburu kopuruarekin alderatuz gero, txikiagoa da itsasbehera eta eguzki betea diren heinean. Zarautzen lorentzok bete-betean ematen badu hondartza leporaino jartzen da. Uretan nahiz eta olaturik ez pinguinoen antzera milaka surflari eta hondarretan toalla gainean libururen bat irakurtzen duen bat edo beste.

Uda honetan Zarautzen salmenta bolumenik handiena izan duen liburua Anduren "Etxeko hautsa" izan da. Tokiko idazlea maite duen irakurleak bere toallatik hurbil Karmele Jaioren "Amaren eskuak" irakurtzen duen irakurlea topatuko luke hurrenez-hurren.

Nahiz eta urtebeteko linealtasunean atzera egin zirkularra dirudi tempusak. Orain urtebete "Eskarmentuen paperak" izan bazen salduena, aurtengoan aldiz, idazle beraren azken liburua da: “Etxeko hautsa”. Tokiko idazlearen liburuak Top Toalla izanen dira uda sasoian Zarautzen.

Hala ere, antzekotasun nabaria dute euskal literaturari dagokionez Top Toalla 2011 osatzen duten bi liburuek. Karmele Jaioren "Amaren eskuak" eleberrian Nereari ama zaintzea eta babestea zegokion eta Anduren "Etxeko Hautsa" liburuan Gorkari bere aita. Ahaztuen eremuan bizi diren pertsonaiak eta bi belaunaldi ezberdineko protagonistak.

Bai, gero eta maizago agertzen dira adineko pertsonaiak euskal literaturan eta gero eta sarriago ari da alzheimerra “eleberritzen”. Ez da harritzekoa guztiok kasuren bat ezagutzen dugunean…

Agian bi eleberri hauek horrexegatik dira Top Toalla 2011, irakurle asko identifikatua sentitzen garelako eta atsegina egiten zaigulako liburu on bat irakurtzea hondartzan.



zarautz   udarako-irakurketak