Lagun agurgarria:

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizut bidali didazun eskutitzean nigan azaltzen duzun konfidantzarengatik. Espero jarraian adieraziko dizkizudan arrazoiak liburu-denda bat irekitzeko duzun amets horretatik ez aldentzea. Kontuan hartzeko argibide soil batzuk besterik ez dira.  Aspaldidanik elkar  ezagutzen dugu eta ez nuke nahiko  zure bizitza eta diru guztiak hipotekatzerik. Oraingoan utopiak alde batera utzi eta gauzak diren moduan argitzen saiatuko natzaizu. Hankak lurrean jarri nahi dizkizut, besterik ez.

Zu bezala, aspaldi honetan badira batzuk "nire" liburu-dendara sartu eta "ze liburu-denda polita!" esan ostean euren ametsa liburu-denda bat irekitzea dela esan didatenak.  Zu bezala, azkenengo urtebetan zazpi izan zarete  aholku eske etorri zaretenak. Denetarik egon da, han eta hemengoak, pentsa tartean jesuitaren bat edo beste. Liburugintza mundua barnetik ezagutu eta saltoa eman nahi zutenak eta inongo arraztorik eduki eta sekula santan irakurtzen ez dutenak barne. Hauek liburuak saltzea goxokiak saltzea bezala zioten, "hik zer pentsatzen duk goxotegiko gizonak karamelu, gusanitos, txetos pakete danak eta polo guztiak probatu dituela?".

Bai badakit zu ez zarela hauetako bat. Liburu bat hartu eta irakurtzea da gehien gustatzen zaizun hori. Eta animaliak gustatzen al zaizkizu? Hala bada, inoiz pentsatu al duzu zoo bat irekitzea? Edo aukeran baserri bat  nahiago? Liburutegi bateko lan poltsara aurkeztuko bazina? Kapital arriskurik gabe eta zuk nahi nahi duzun hori eginez, irakurri. Gero beste kontu bat ordea  liburutegi batean irakurtzen baino liburuak katalogatzen eta nerabeei ixiltzeko esanaz denbora gehiago pasako duzula da. Baina berdin pasako zaizu liburu-denda batean. Liburuen joan etorri amaigabea da eta garaiak diren bezalakoak Egun erdia deboluzioak egiten eta facebooken txorradak idazten pasako duzu, zeren liburu dendako comunnity managerra zara eta sare sozialak kontrolatu behar dituzu. Krisia ere atzematen da liburugintzaren munduan. Guzti honi gehitu digitalizazioaren tendentzia, ebookak eta atera kontuak.

Ez da erreza ez, kontuak ateratzea amigo. Banatzaile ezberdinekin hitzegin beharko duzu deskontuak aztertuz. Edo agian banatzaile soil bakar batekin lan egitea erabakiko duzu. Aztertu. Zenbakiak egiterako unean buruhauste handirik izan ez dezazun aurreratu egingo dizkizut batzuk. Banatzaileak modu orokor batean %25eko deskontu bat eskeiniko dizu. Argitaletxe batzuengatik gehiago beste batzuengatik gutxiago. Biribilduz %25 izango da liburu bat saltzegatik aterako duzuna. Lasai, ez  emozionatu kontuak egiten jarraitu behar dugu. Liburu bakoitzetik irabazten duzunari, %5 kenduko diot. Bost hau zure liburu-dendako argiaren eta uraren fakturak, opari paperak, poltsak, lokalaren seguru, separadore, zelo edo transportistari kaxen joan etorria ordaintzeko erabiliko duzu. Laburtuz %20 da liburu bat saltzean irabazten duzuna. Aurreratu egiten dizut hogei hau oraindik jaitsi egingo dela.

Gauza asko hartu beharko dituzu kontuan zenbakiak egiterako unean: hileko errenta (ziurrenik gauza garestiena), langileak edukitzea (askatasuna emango dizu baina era berean irabazien erdia kostatuko zaizu), hileroko autonomo kuota eta zu letretakoa zarenez paper-kontuak eramango dizkizun asesoriarko hileroko faktura. Ez dizkizut gastu gehiago aurreratuko, bidean beste pila bat bilatuko dituzu. Guzti hau lehen aipatu dugun %20 ri kendu eta geratzen dena izango da zure benetako irabazia. Garrantzitsuena lokalaren jabetza da. Baldin eta hilero hiru zero dituen errenta bat ordaindu beharko bazenu ezinezkoa litzaizuke irabazirik ikustea lehengo hiru urtetan. Liburu-denda bat irekitzea oso errentagarria  balitz ziur egon txintarrarek aspaldi irekiko zituztela liburu-dendak bazarren ordez. Ez  die bat berak ere ozpa egiten.

Bi aldiz pentsatu ezazu zure ametsateako liburu-denda ireki aurretik. Soilik liburuak salduko dituzu edo papertegi moduan ere lan egingo duzu? Arkatzak,pinturak,borragomak, boliak...Agian jostailuak ere salduko dituzu? Pupu eta Loreren kotoizko toalla salduko duzu? Euria asko egiten ari da aurten eta liburu-dendari bat baino gehiago guardasolak saltzen hasi da. Berdina egingo duzu? ¡No me jodas! Noraino iristen da zure liburu-dendari duintasuna?  Zuri  irakurtzea gustatzen zaizu eta liburuak aholkatzeaz bizi nahi duzu. Baina ez ahaztu, dibertsifikatu egin beharko duzu zure negozio modeloa. Pentsatu zer gehituko zenioken zure ametsetako liburu-dendari. Agian hain gogoko duzun kafe bel-beltza.

Zure eskutitzean formazioaz galdetzen zenidan. Ea liburu-dendari izateko ikastarorik dagoen. Ezer gutxi esan dakizuket. Informazioa lortzeko Euskadiko Liburu Ganbarara zuzendu zintezke. Hala ere, ezer gutxi topatuko duzulakoan nago.  Baina ez arduratu. Oraindik ere, zure ametsateako liburu-denda irekitzeko asmoz jarraitzen baduzu gustora irakatsiko dizkizut  ofizioko sekretuak. 

Besarkada bat,

Imanol(txo)


liburu-dendak