Abenduan Olentzero dator liburu dendara

Baina ikazkin bizarduna ez da Garoara etorriko den bakarra. Ezta opariak banatuko dituen bakarra ere, abendurako kultur egitarau oparoa prestatu baitugu zuretzako. Argazkigintza, literatura eta musika, eta guztia elkarrekin nahasia. Eragionk danbolinari!

Abenduak 7, 16:00 → Durangoko Azokako Kabian Lou Topet musika taldearen mugikorrerako aplikazioa aurkeztuko du Jon Ercilla Garoa Web Consulting-eko garatzaileak. Android, IOS eta Windows Phonerako garatu APP-a musika taldearen eta musikazaleen arteko zubi gisa planteatu du Ercillak. “Musika taldea poltsikoan eramateko modu bat da, azken finean”.

Abenduak 8, 11:30 → Audience taldeak bisitatuko gaitu Paperezko Kontzertuen bigarren edizioan. Hiruko formatuan etorriko dira haien proposamen musikala aurkezteko. 'Big Affair' disko luzea aurkeztu berri dute, AEBtan grabatu dutena John Agnello ekoizle ezagunaren eskutik. Honezkero entzun daiteke 'Country of tambourine' lehen singlea.

Abenduak 18, 19:00 → Yoseba Peña (Sodupe, 1977) idazle zarauztartuak 'Kilimanjaroko diamantea' Ibaizabal argitaletxearekin argitaratutako gaztetxoentzako eleberria aurkeztuko digu.

Abenduak 19, 19:30 → "Paperezko lagunak" irakurle taldeak 'Adiskide bat nuen' (Elkar) eleberria aztertuko du kurtsoko bigarren zitan. Joxean Agirre idazle azpeitiar, baita ere, zarauztartua bertan izango da.

Abenduak 21, 10:00 → Urteroko legez, AEKko Santo Tomas azokan present izango gara.