Paperezko Kontzertuak: Hiru poz eta hurra bat

Hutsune bat betetzeko erdu zen Paperezko Kontzertuak, halabeharrez erdu ere. NPR AEBtako irrati publikoak antolatzen dituen Tiny Desk Concerts formatuaren lilurak iradokita eta borondatezko lan ugari medio, inon baino alaiago. Euskadin rockanrollak ez baitu dirurik ematen. Hasieratik Garoako lantaldearen, Debolex eta Ogeita4 ekoiztetxeen, ZuZeu orainkariaren eta Jon Eskisabelen inplikazioa %100ekoa izan da, eta hain zuzen horregatik izan du ekimenak arrakasta. Horregatik amaitu dugu hiru hileko bat, eta heldu diogu bigarrenari ilusioz.

Poza gurea, hasteko, musikarien prestutasuna eta hurbiltasuna sentitu dugulako. Lehenengo unetik bertatik, ideia abstraktua izanagatik ere, animatu baitira artistak parte hartzera. Azken saioko protagonista izan ziren Bide Ertzeaneko kideak esaterako, artean kontua zer zen ez zekitela, etorri ziren pilotoa grabatzera. Esker berezia zor diegu haiei eta lehen hiruhilekoan parte hartu duten Anari eta Audienceri ere, eurak gabe proiektua ez baitzen aireratuko.

Poza eta harridura, ekimena martxan jarri eta lehenengo egunetik jendetza apuntatu zelako. Sold out-a egun batean, harrapazank. Ia 50 lagun, kameralariak, antolatzaileak eta musikariak barne. Eta gehiago ez zirelako kabitzen! Ideia abstraktua zena, lehen egunean definitu zuten Garoara bertaratutako guztiek.

Poza halaber, Debolex eta Ogeita4 ekoiztetxeen eta ZuZeuren laguntzaz, argitaratzen ari garen bideo bilduma garrantzitsua dela sentitzen dugulako. Garoan igande goizetan sortzen den magia hori harrapatu eta hilezkortzeko. Euskal Herriko musikarien lanaren hedatu eta agerikotasuna handitzeko, eta sarean arrakasta izan duten unplugged saioak plazaratzeko. Era berean, aukera dugunean beste leku batzuetako erreferentziazko artistak gurera ekartzeko.

Azkenik hurra bat hau ez delako lehen hiru hilekoan geratu. Aurrera segiko duelako eta hurrengo hiru hilekoan Gari, Mursego eta Mobydick izango ditugulako Garoa liburu-dendan altxorra handitzeko. Bai horixe!


paperezko-kontzertuak