Haragia

Haragia, bai. Gordina. Xamurra. Mina zein plazeraren eremua. Haragia: onerako zein txarrerako, bizitza beraren dimentsio guztiak bezalakoa baita: gozagarria. Hamabi narrazioz osatuta dagoen Eider Rodriguezen liburuari lehen kontakizunak eman dio izena: Haragia. Aiztoaren ahoan ebakitzeko kinkan diren pertsonaiak agertzen dira ipuinotan: bizi-aldi berri baten atarian, harreman gatazkan gainbehera, urraduran ezpala sartuta.

Garratzak dira kontakizunak; errealak, egungo gizartearen ispilu, gatzitu eta ahoan sartu ahala samurtzen diren horietakoak. Garai bateko harakinen modura, haragia gaztain enbor zati batean (oso gogorra) mozten du idazleak. Harakin on bat izateko garrantzitsuena ebakidura da; homogeneoa izan behar du eta idazle errenteriarrak bikain asmatzen du honetan.

Erortzen diren gizon-emakumeei buruzko kronikatxoak dira. Mina izango da motorra. Min honek guztia errezagoa edo zailagoa bihurtzen du. Norbanakoak mina bere modura ulertuko du, izan ere, gaur egun minarengatik erortzea itsusia baita, ezin zara erori, ez da egokia, debekatuta dago.

Mina plazerrarekin nahasten da. Min gazi-gozo bat. Benetako egoerak atzematen dira narrazioan, informazio dosi txiki eta zehatzak.

Haragia

Egilea:
Argitaletxea: Susa
ISBN: 9788486766948

Gizonkote bat su eske etorri zitzaidan. Eskaini nionean bere zakilburuarekin egin nuen topo, eta gorago, bekain depilatuen azpiko begiratuarekin. Arrosa kapulu bat zirudien, eta nik ez ditut ez arrosak ez kapuluak maite. -Metxi-, esan zidan modaz pasatako hitza erabiliz.