Irakurle izatea ez da erraza

Gure gizartean aro modernoko atzeraldirik haundiena ematen ari den bitartean eta sektore gehienak beraien golkoa babesean nola jarri bila dabiltzanean, liburuaren industriak erabaki al du zein bide jarraitu? Ez dugu atzematen proposamen berririk ernaltzen ari den eszenatoki berriaren aurrean. Ez al da politika berriei leku bat egiteko ordua iritsi? Zer eskeini behar diegu datozen irakurle berriei?

Pasa den astean irakurri ahal izan dugu nola Internet hedabide duten komunikabide idatzien irabaziak 2007. urtean %31 igo direla. Bestalde, liburu digitalen salmenta eduki guztien %8ra iritsi da: kontutan hartu beharreko merkatu bat dela baieztatuz.

Egungo irakurleen profila, Baby Boomers deritzaien belaunaldiko haurrena, aldatzen ari da. Baby Boomers-eko haurrek, espainiar estatuan izan den jaiotze-tasa altuenean jaiotako neska mutilek, liburua izan dute jakite eta informazio bide. Euren aisialdi nahiz hezkuntzak liburua izan du ardatz. Baina denborak aurrera egin ahala jokabide nahiz ohiturak aldatuz doaz, azkenean errealitate guztiz ezberdin bat eraikiz. Eszenatoki berri honetan, gure irakurleek aisialdi denbora zabalago bat eduki arren, errenta baxuago bati egin behar diote aurre. Eta hau gutxi balitz, beraien erosteko ahalmena egunez egun murrizten doa. Honela, ez al genieke irtenbide berri batzuk eskeini behar gure irakurleei?

Belaunaldi berri bat hemen dugu, pantailaren belaunaldia. Belaunaldi berrientzat jakite eta informazio iturri sinesgarrienetako bat pantaila bera da. Gure gaztediak ez du liburua bere aisialdiko tresna bezela ikusten, liburuan ez dute aurkitzen entretenimendu noziorik. Aisialdi kulturala aldatu egin da eta ezin dugu jarraitu liburua sakrilizatzen. Aisialdi nahiz irakurketa praktika berrietara doitu behar dugu. Zein irtenbide eskeintzen dizkiegu gure gazteei?

Hurrengo 20 urteetan Espainiar herrialdeko etorkinen maila %20 batetara iritsiko da. Etorkin hauek beraien jatorriko literatura eskuratu nahiko dute, eta noski, beraien ama hizkuntzan. Eta berdin gertatuko zaie Euskal Herria atzean utzi eta atzerrira erbesteratzen diren euskaldunei. Nola jarrai dezakete euskal literaturako azken idazlanak irakurtzen? Zein da gure irakurleei eskeintzen diegun irtenbidea?

Liburu munduari, Garoa Liburudenda barne, apustu egin eta etorkizunera begira jartzeko ordua iritsi zaio. Argitaletxe batzuek badituzte egitasmo ezberdinak eskuartean, baina denok batera egin beharko genuke aurrera denborarik galdu gabe. Eta agian momentu zail hauek dira horretarako eszenatoki perfektu. Gure betebehar eta erronka dira geroko belaunaldiek irakurtzeaz gozatzeko aukera izatea, guk gozatzeko aukera izan dugun bezala.

Irakurri behar dugu, eta agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


literatura-digitala   irakurlea   kultura-eta-aisia