Durangoko Liburu eta Diska Azoka

Gaur egungo Durangoko Azoka, ez da liburu eta diska azoka bat soilik. Azoka euskararen eta euskal kulturaren jai nagusia da. Urteroko zita bat, topaleku bat. Jende andana biltzen da Landako gunean eta lehenengo egunean ateak irekitzen direnetik elkarren artean nahasten dira: idazleak, irakurleak, abeslariak, editoreak, gazteak, helduak eta aurtengoan baita gizon ikusezin bat ere.

Aritz Zabala gasteiztarraren "Gizon ikusezina Azokan" kartela urriko hilabetetik denen ahotan ibili da eta makina bat albiste fundatu ditu. Izenburua Wells idazle ingelesaren pertsonai literario batean oinarritzen zen besterik gabe, kasualitatez gizona zena (Griffin). Irudiari dagokionez: irakurtzeko betaurreko batzuk, musika aditzeko aurikular batzuk eta euskal txapela buruan.

Gerediaga elkarteak 43. ediziorako zerrendatutako nobedadeak 504 izan dira: 345 liburu, 64 diska, 15 aldizkari, 15 bideo, 15 CD-ROM eta 50 bestelako.

Jakinaren gainean gara idazle bat baino gehiago axubetekin itzuli zela etxera hainbeste sinadura bota ostean. Fernando Morillo azpeitiarra, adibidez, lau orduko sinadura-maratoiaren lehen postuan amaitu zuen: Ibaizabal, Erein eta Txalapartako standak pasa zituen bertan liburu pila bat sinatuz.

Amaigabeak ziren Toti Martinez de Lezearen liburuak erosteko sortu ziren jende ilarak. Erein argitaletxekoak ilaretan orden pixkat jartzera behartuak ere aurkitu ziren. "Agian hurrengo urterako bailatxo batzuk jarri beharko ditugu" zioten irrifar haundi batez. Eta larunbatetik astelehen bitartera Toti Martinez de Lezea liburuak sinatuz eta sinatuz. Azkenengo liburua astelehenean behin Azoka itxi zenean garraiolari bati sinatu zion. Garraiolaria liburu kaxak jasotzera zetorren argitaletxeko biltegira liburuak berriz eramateko.

Hainbat idazle eta editorek adierazi zigutenaren arabera azoka ona izan da orokorrean, eta denen ahotan dabilen krisiak eta iazko urtearekin alderatuz egun gutxiago bat izanak ez dute eragin haundirik izan pasa berri den aurtengo Durangoko Azokan.

Baina Garoa Liburudendarentzat aurtengo 43. edizio hau ezberdina izan da. Orain dela hiru hilabete hasi genuen proiektua besapean hartuta azaldu ginen Landako gunera. Azokaren 3 egunean, igandean, zita berezi bat geneukan. Durangoko Azokako antolatzaileek gure proiektua jendeaurrean aurkezteko aukera eskeini ziguten, eta noski, guk aukera hau ezin genuen alperrik galdu.

Aurkezpen honetan gure proiektuaren oinarriak azaltzeaz gain, “Esporak Sarean” ekimena azaldu genuen. Esporak Sarean ekimena jendearen partehartzea bultzatzearren eta jendearen idazletasuna bultzatzearren sortua izan den mikrorelatuen sari bat da.

Ekimenari Andu Lertxundi idazlearen mikrotestuak eman dio hasiera. Testu hau oinarri hartuz, edonork idatzi dezake bere testu propioa, bere espora. Gauza da testu bakar batetik hainbat testu ezberdin nahiz istorio xelebre sortuko direla.

Guretzat aparta izan da jende ezezagun mordo baten nahiz komunikabideen zorionak eta lagunen aholkuak jasotzea. Indarrez betetzen gaitu guzti honek.

Eskerrak eman nahi dizkiegu gure aurkezpena nahiz gure ekimena jarraitu duten komunikabide guztiei. Eskerrak han izan zinetenei. Bihotz-bihotzez mila esker! Espero dugu Durangoko Azokaz urte gehiagoz gozatu ahal izatea eta aurrerantzean gero eta ekimen gehiagorekin bertan izatea. Aupa Durango!


garoa   liburu-azoka   esporak-sarean   durango