Ondarenet

Ondarenet, euskal ondare digitalaren gordetegi erraldoi bat osatzeko proiektua martxan da. Fitxategi erraldoi honetan, era guztietako web-orriez gain, edonolako dokumentu digitalizatuak bilduko dira. Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektu hau bat dator Europar Batasunak 2010. urterako duen egitasmoarekin: sei milioi dokumentuz osatutako liburutegi digital itzel bat herritar ororentzako eskuragarri izatea.

Teknologia berriek daramaten garapen geldiezinak gure herentzia kulturalaren digitalizazioa eskatu eta bultzatu dute. Honela, Ondarenet jaio da, euskal ondare digitalaren multzoa bildu, zaindu eta hedatuko duen artxibategi elektroniko erraldoia. Ondareneten helburua euskal ondare digitala osa dezaketen baliabide digitalak (web orriak, foroak eta banaketa-zerrendak eta edukiei lotutako fitxategi digitalak) gordetzea da.

Ondarenetek beste herrialde batzuetan abian diren asmo berbereko egitasmoak hartu ditu jarraibide: Pandora (Australiako Liburutegi Nazionala), Internet Archives (Erresuma Batua) edo Padicat (Kataluniako Liburutegi nazionala) planak. Egitasmo guzti hauek asmo nagusi berbera dute: web ingurunean sortutako ondare digitala berreskuratu eta babesteko asmoa.

Nabarmengarria iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzak abian jarritako ekimena, ondare bera etorkizuneko belaunaldiei helaraztea ezinbestekoa dela uste baitugu. Ondarenetek etorkizuneko belaunaldiei jarauntsi kulturala eskuordetzeko pisua bere gain hartu badu ere, digitalizazioaren bidea finkatzea, eguneratzea eta digitalizazioaren inguruan hausnartzea, guztion erronka da. Denon partaidetza beharrezkoa izango da proiektu honetan.

Kultura Sailak martxan jarritako ekimen hau Euskadiko Liburutegi Digitala abiarazteko balioko du. Ekimenak, historian zehar sortutako eta euskal kultur ekoizpenaren muina osatzen duten bibliografia-funts publiko eta pribatuak digitalizatzea barne hartzen du, hau da, paperezko euskarri tradizionalean sortutako bibliografia-ekoizpen osoa formatu digitalean jasotzea. Baina lan astun hau gauzatzeko lehenik erabaki neketsu ugari hartu behar dira. Ez al zaizue iruditzen irizpide garbi batzuk markatu  beharko liratekela euskal culturaren inguruan digitalizazioari ekin aurretik? Zein testuek izango dute lehentasuna digitalizazio prozesu honetan? Zergatik? Zer nolako pisua dute itzulpenek euskal literatuaren barruan? Galdera ugari daude erantzuteko.

Albo batera utzirik, momentuz, digitalizatu beharreko edukiak, badira dagoeneko epaitu ditzazkegun erabakiak. Adibidez, Ondarenet egitasmoak formatu ireki eta askearen aldeko apostua. Formatu aske eta kode irekiekin lan egiteak etorkizunean zor daitezken aldaketak erraztuko ditu. Formatu arazoak ekiditzen dira hasieratik kode ireki eta formatu askean lan eginez. Garbi izan digitala ez dela iraunkorraren esanahikide.

Badirudi digitalizazioan emango den formatua aukeratu ostean kalitateko bilatzaile bat garatzea besterik ez dela egin behar. Baina hau ez da batere erreza. Bilaketa eroso bat ematea beharrezkoa da, ahalik eta informazio zehatzena eta egokiena erreztearren. Kantitatearen aldean kalitatea bermatzeak izan behar du irizpide nagusi. Desordena eta nahaspila edozein bilatzaileek izan ditzakeen arriskurik haundienak baitira. Informazio bila jotzen duen edonori bilatzaileak ehundaka aukera bueltatu beharrean ahalik eta erantzunik zentzuzkoenak eta zuzenenak bereizten saiatu behar du.

Bide batez, Euskadiko Liburutegi Digitalak berezko euskal bilatzaile bat beharko ote duenaren galdera luzatzen dugu. Lan guzti hau aurrera eraman ondoren digitalizaturiko obra guztiak Googleen esku ustea biderik egokiena ez dela uste dugu. Zer pasatuko litzateke bapatean Google desagertuko balitz? Euskal ondare kulturala osatzen duten maisulanek beraien balioa nabarrmenduko duten gune bat behar dute.

Editore eta argitaletxeen parte hartzea ere derrigorrezkoa jotzen dugu Euskal Liburutegi Digitala sortzeko egitasmoaren barnean. Kontuan hartu, editore nahiz argitaletxeak ia gerrate zibiletik egunerarte idatzi diren obren eskubideen jabe direla idazleekin batera. Proiektuaren ardatz nagusia ondare digital bat biltzea eta zaintzea bada, Eusko Jaurlaritza agente ezberdinen artean akordioak bilatzera behartua dago.

Elkarlana derrigorrezkoa da eta are gehiago Ondarenet bezelako ekimenetan. Itxaropen haundiak ditugu Ondarenet proiektuan eta hasi den bide berri honetan. Azken finean, irakurtzea behar dugu, agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


eduki-digitalak   ondarenet   ondare-kulturala   padicat   pandora   internet-archives