Liburuaren etorkizuna Liburu Zuriaren eskutik

Urte berrian sartu gara eta iraganean emandako pausuak aztertzeko momentua eta etorkizunean egin beharrekoak erabakitzeko ordua iritsi zaigu. Guk, etorkizunerako, liburu digitalen eta eduki digitalen aldeko apustu garbia egiten dugu, baina zein da gaur egungo liburu digitalen egungo egoera? Zein salmenta iragartzen dira? Datorkigun errealitatea hobeto ulertzearren, eduki digitalen Liburu Zuria aurkezten dizuegu.

Eduki digitalen Liburu Zuriak, Industria, Turismo eta Komertzio Ministeritzaren ekimenak, eduki digitalen industriaren joeraren eta egungo egoeraren diagnostikoa aurkezten digu. Ekimen honek erreferentzi bezala balioko digu erabaki estrategikoak hartzeko orduan, guztiz baliagarri baitzaigu honelako hausnarketa bat etorkizuneko erronka nagusiak aurreikusteko. Liburu Zurian aztertzen diren eduki digitalen inguruko sektore espezifikoak honako hauek dira: bideojokuak, musika, ikusentzunezkoak, argitalpenak, publizitatea, zinea eta gizartea sarearen barnean. Guk, liburudenda bezala, argitalpenen inguruan idatzirikoa aztertuko dugu.

Eduki digitalen Liburu Zurian argitalpenen atalari hasiera emateko erabili duten datua ez da oso adoregarri: “Espainiar merkatuari dagokionez, negozio bolumena geraldi egoera batean aurkitzen dela nabaritzen da, BPGaren mailako igoerak edo agian baxuagoak izatea espero delarik”. Datu hauek kezkatzen gaituzte, baina aldi berean ez digute ezer berririk esaten. Inork espero al zuen urtez urteko %10 igoera bat ala? Zein etorkizun datorkigu gainera?

Aurrerago, espainiar merkatuaren desglosea egiten da: "merkatu kontzentratu bat da, non 30 enpresa nagusien artean negozio osoaren %63 banatzen duten. Gelditzen den %37 merkatuan dauden tamainu txikiko edota ertaineko 800 argitaletxeek eskuratzen dute, bertan nahasturik argitaletxe txikiak eta autore/editoreak". Datu hau nahiko esangarri eta aldi berean kezkagarri zaigu, garbi baitugu literaturaren berezko esentzia argitaletxe txiki nahiz ertainetan aurkitzen dela. Argitaletxe txikiek beraien eskuetan dute etorkizunerako giltza, eta itxaropentsu gara sortuko diren aukera anitzetaz baliatuko direla sinesten baitugu.

Ekimena liburu elektronikoaren negozioari kopuruak jartzen ausartzen da. Datuek diotenez, liburu elektronikoaren merkatua ez da oraindik ia ezer garatu, baina 2008 urteko azken hilabeteetan ugaltze fase batean aurkitzen da eta igoera nabarmenak ematen ari dira. Merkatuan liburu elektronikoen eskaintza bat badela azaltzen da, baina irakurleak oraindik ez du egin apustu irmo bat irakurketa elektronikoaren alde. Hala ere, PricewaterhouseCoopers aholkularitza enpresak eginiko ikerketa batek dioenez, 2011. urtean %179ko igoera bat emango da, liburu digitalek negozio osoaren %1,4a bilduko dutelarik. Laburbilduz, hurrengo bi urteetan liburu digitalen merkatuak igoera nabarmena jasango du.

Liburu Zurian irakurle elektronikoen zereginaz ere hitzegiten da. Liburu elektronikoen merkatuaren arrakasta irakurle elektronikoen garapenari oso lotuta dagoela baieztatzen da. Baina irakurle elektroniko eraginkor baten beharrean aurkitzen gara, erabiltzaileak aurrerapausua eman ahal izateko. Kindlea ote?

Ikerketan liburu sektorearentzako hurrengo erronka eta abagune bezala fondo publikoen digitalizazioa aipatzen da. Argi dago joera nabariena fondo publikoen digitalizazio masiboa izango da.

Amaiera emateko, Liburu Zurian ematen diren zifrek etorkizuneko salmentekin asko dibergituko duten arren eta bertako datuak sakonago aztertu beharko liratekeen arren (prezioen igoerak, argitaratutako liburu kopurua...) ideia garbi ugari atera daitezke bertatik. Gainera, ez da erraza aurreikuspenak egitea aurkitzen garen etorkizun ziurgabearen aurrean. Hala ere, ziur gara aukera oso politak sortuko dira 2009. urtean, eta liburuaren sektore osoak abagune ederra izango duela bertan esku hartzeko. Guk, behintzat, ez dugu zalantzarik eta aurrera jarraituko dugu.

Irakurri behar dugu, eta agian hemen eta orain, inoiz baino gehiago.

Esteka

Eduki digitalen Liburu Zuria eskuratzeko klikatu hemen.


etorkizuna   liburua   liburu-elektronikoa   eduki-digitalak