Ottoline eta kateme horia

“Planak ondo ateratzea gustoko dut” zioen Hannibal Smithek "Team A" telesailean. Eta nork ez du atsegin planak ondo ateratzea? Ottoline pertsonaiak behin eta berriz planak egingo ditu eta istorioak aurrera egin ahala, neskatilari Hannibal Smith koronelaren tankera hartuko diogu.

Ottoline Piperbeltz-Poteko hogeita laugarren solairuan bizi da Munroe jaun baxu eta iletsuarekin. Ottolineri arazo zailak eta plan onak egitea gustatzen zaio. Neskatilaren gurasoak mundu osoan zehar bidaiatzen dute baina honek ez dio axola Ottolineri, Munroe jauna bait du lagun.

Gutxi dira Chris Riddell moduan iharduten direnak, liburuaren egile izateaz aparte ilustrazio guztien kargu eginez: "Ottoline eta kateme horia" liburuan orri guztietan ilustrazioren batekin aurkituko gara. Gaztetxoei zuzendutako liburua nobela grafiko eta marrazki liburuaren erdi bidean koka genezake, ilustrazioek indar haundi eta pisu berezi bat hartzen bait dute liburuan osoan. Ilustrazio edo marrazki guztietan hiru kolorerekin jolasten du autoreak: txuria, beltza eta gorria. Detaile guztiak gorri printz batez nabarmentzen ditu.

Irakurtzeko eta ulertzeko erraza da "Ottoline eta kateme horia", eta milaka detailez beterik dauden ilustrazioek liburuaren irakurketa erreztu besterik ez dute egiten. Liburuak barnean bost postal zabalgarri ditu, "errege postal bilduma" bat opari modura.

Aspaldian irakurritako libururik berezienetako bat.

Ottoline eta kateme horia

Egilea:
Argitaletxea: Ibaizabal
ISBN: 9788483941973

Hiri Handian hainbat lapurreta ikusgarri gertatu dira. Altzo-txakurrak modu misteriotsuan desagertzen ari dira. Zerbait egin beharra dago...