SINLIrik gabe atsedenik ez!

Ez dago zalantzarik zein funtsezko bihurtu diren aplikazio informatiko berriak liburusaltzaileon eguneroko bizitzan. Azken urteotan programa ezberdinak garatu dira liburugintzaren sektorean, hala nola SINLI (Sistema de Información Normalizada para el Libro erderazko sigletan), DILVE (Distribuidor de información del libro español en vente, erderazko sigletan) eta Cegal en Red. Programa informatiko hauen eragina aztertuko dugu eguneroko lanean eta hauek dituzten abantaila eta desabantailaren bat edo beste ere aurkeztuko dizuegu jarraian.

Bistakoa da liburugintzan ez garela behin ere izan oso teknologiazale. Honekin ez dugu esan nahi ordenagailuak etsaitzat ikusi ditugunik baina bai interes eza, mesfidantza edo ezjakintasunaren aurrean ordenagailuek eskaini ahal ditzazketen abantailei entzungor egin diegu. Betiko moduan lan egiten jarraitu dugu: eskaerak tipexaren laguntzaz amaituz edota ikasleen zerrenda urteroko koadernatxoan beteaz. Liburudendan nahiko lan badugu aparteko lanekin hasteko. Eta neurri batean egia da hau, liburudenda bateko liburu guztiekin datu-base bat sortzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Gure eguneroko lana asko erraztu dezakete programa informatikoek eta agian garairik egokiena da beldur guztiak uxatu eta programa hauen funtzionamendua hobeto ezagutzeko.

Garoa Liburudendan, beste liburudenda askotan bezela, ezjakintasunaren aurrean, orain dela hamar bat urte programa informatiko bat erostea erabaki genuen. Apustu egin genuen, ziurrenik ez enpresa egokienaren alde, eta izerdi pila bota genuen gure liburudendako apal bakoitzeko liburu guztien fitxak betetzen. Guzti honek abantaila haundiak eskeini dizkigun arren, buruhauste ugari ere bizi izan dugu:

  • Ordu gehiegi galdu ditugu liburuen datuak eta prezioak eguneratzen.
  • Datuak sartzerakoan akatsak izan ditugu.
  • Datu-basean deskontrolatu egin zaigu.
  • Komunikazioa ez da hobetu argitaletxe nahiz banatzaileekiko.
  • Dokumentazio kudeaketan denbora asko galtzen dugu.

Baina orain dela gutxi, zerbitzu berriak ezagutu ditugu eta etorkizun gertu batean beraiekin lanean hastea erabakitzen ari gara. Agian gure egoera berberean aurkitzen diren liburudendeei baliagarri suertatuko zaizkie SINLI eta Cegal en Red aplikazioei buruz emango dizkiegun datuak.

SINLI aplikazioan liburudendek, banatzaileek eta argitaletxeek erabiltzen duten gestio dokumentu multzo normalizatu bat da. Dokumentu hauek (fakturak, eskaerak, albaranak edota gordailu modura ditugun liburuak) normalizatuak izatearen abantaila nagusia guztiek formatu berdinean lan egitean datza. Guztiek formatu edo aplikazio berean lan egiteak komunikazioa errezten du, eta datu-base bakar bat osatzen da guztien artean.

Aplikazio honek, esan dugun bezala, bakoitzaren datu-basea bateratzea ahalbidetzen du, hiru mailen artean interaktuazio eraginkor eta zuzen bat emanez. Manuel Gil eta Francisco Javier Jiménezek beraien “El nuevo paradigma del sector del libro” (Trama argitaletxea, 2008) liburuan dioten bezala “SINLI es una buena experiencia piloto que, con la excusa de la normalización y racionalización de los documentos de gestión, está logrando que editores, distribuidores y libreros compartan información”.

Aplikazio hauek fidagarritasun maila oso altu batetaz hornitzen gaituzte, ISBNa erabiltzen dute baliatze kode gisa, erabiltzailearen hankasartzeak asko murriztuz. Eskaerak eta albaranak ISBNez funtzionatzen dutenez liburudendan dauden liburu guztiak arratoi golpe batean eskuragarri jartzen digu.

Denbora asko aurrezten da, eta adibide gisa kasu erreal batean oinarrituko gara. Rayuela Liburudendak, Cegal en Red sistema erabiliz, 2006. urtean 27.444 liburu-fitxa eman zituzten altan, hauetatik 14.603tan urtean zehar aldaketak egin zituztelarik. Liburu bakoitzaren fitxa betetzeko 30 segundu behar ezkero, urte bakar batean 228 ordu beharko genituzke liburu berrien fitxak betetzen soilik. Beste hitz batzuetan esanda: hilabete oso bateko lana aurrezten da.

Datu hauek oso esangarriak izanik, dagoeneko aplikazio hauetaz gozatzen duten gure kideengana jo dugu beraien iritzia jakitearren. Eta bide batez aplikazio hauek euren liburudenda nola erabiltzen diren azaldu digute. Eta esan beharra dago, beraien satisfazio maila oso altua dela. Honela, adibidez, Apriza Papeletxekoek “testuliburuen kanpainan, aplikazioa erabiltzeak egunero 4 ordu inguru aurrezten dizkigula” diote. 4 ordu hauek eskertzen dira testu garaian herri guztiko amek beraien seme-alabek etxekolanak egiteko modurik ez dutela oihukatzen digutenean. Victoriano García Recioren iritsiz “denbora asko aurrezten da ez baita fitxa berri bakoitza eskuz sortu behar, asko baitira nik erabiltzen ditudan esparruak: izena, idazlea, bilduma, argitaletxea, prezioa, etc”. Ibaizabal Liburudendako Marga Unzalo Garaigordobilek abantaila nagusi bezala nabarmentzen du, aurreratzen den denbora guztiaz gain, eskatu diren liburuak fakturatuak izan diren aztertzeko aukera dagoela. Aplikazioaren errentagarritasuna nabarmena da beraz.

Baina noski hobetu beharreko puntuak ere badira. Marga Unzaluk dioenaren arabera aplikazioak “Ez du produktua sailkatzen, eta prezio askeko testuliburuetan, erosketa prezioa bakarrik azaltzen da, falta diren eremuak banan-bana sartu behar direlarik” eta beharrezko ikusten du “ PVPa ez duten liburuak adierazi beharko lituzke, eta hutsik utzi liburuen maila“. Salmenta prezio libretan, oraingoz testuliburuak soilik diren arren, lan gehiarri bat egin behar da prezioak banan banan kalkulatu behar baitira. Ikusi beharko litzateke zein izango zatekeen aplikazio hauen etorkizuna, biharko egunean hainbeste beldur dugun prezio libreen legedia indarrean jartzen bada. Victoriano García Reciok, aplikazio beste eremuetara zabaltzea eskatzen du, egunkarien kontua ezin baitu eraman aplikazioan.

Erabilerarekin erlazionatutako arazoez gain, honela digu Paul Viejok “mientras coexistan -pese a sus evidentes diferencias- sistemas como SINLI y DILVE para conseguir -insisto, pese a sus diferencias- objetivos comunes (distribución y/o normalización de la información del "libro (ejem)") significa que no se ha logrado dar con un sistema realmente eficaz que ponga en común todo lo que se requiere”. Y sigue “mientras editores, libreros y repartid... dosific..., perdón, distribuidores, sigan viendo cualquier iniciativa de este tipo como "una base de datos" a la que se "tienen que apuntar" y rellenar por "si acaso favorece, aunque sea poco a poco, su ven-tas", mientras eso siga siendo así, mal...”. Eta seguruenik Paul Viejok arrazoi du. Eguneroko lana erraztuko dizkiguten aplikazioak behar ditugu, baina ezin dugu merkaturatuko den aplikazio perfektu baten zain egon, aplikazio perfekturik baldin bada behintzat.

Gu ere ados gara maila guztiak (argitaletxeak, banatzaileak eta liburudendak) bateratu beharko lituzkeen programa bakar bat behar dela. Ez genuke gure banatzaileek erabiltzen duten aplikazioen menpean egon behar. Aztertzekoa izan daiteke ere, atzerriko liburuek datu basean duten eraginkortasuna, gero eta liburudenda espezializatu gehiago baitago atzerriko argitaletxeekin lan egiten dutenak. Baina kasu hauek alboratuz, eta balantza batean abantailak eta desabantailak jarri ahala, balantzak abantailen aldera egiten du, SINLIk eta Cegal en Red-ek eskeintzen dizkiguten abantailak nahikoak baitira beraien alde apustu egiteko.


garoa   liburudenden-kudeaketa   sinli   cegal   dilve