The winner is...

Hemen literatura eta teknologia berriak ditugu hizpide. Beraz the winner is... ez dagokio hauteskundetako irabazleari. Martxoaren bigarrena izanik eta hauteskundeak pasa berri daudelarik, arraroa dirudien arren, Mr. Spock, Patxi, Aintzane etabarren inguruko berririk ez duzu aurkituko jarraian.

Esporak Sarean sariaren haziak batzeko ordua iritsi da. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiegu bai irakurle eta botuemaile gisa parte hartu duten guztiei eta eskerrik goxoenak idaztera ausartu zareten guztioi. Guztira 73 espora ernaldu eta 5 istorio ezberdin loratu dira abenduaren 7an Anduk landatu zuen lehen espora hartatik.

Oso gustora gaude lortutako emaitzekin. Bi hilabete luze hauetan 2650 bisita jaso ditu sariak, eta guk desio genuen bezala, profil ezberdineko erabiltzaileek parte hartu dute bertan.

Sari guztietan bezala, epaimahaiari lan egitea tokatu zaio amaieran eta hautatuak izan ziren hiru finalisten artean (Ezekiel, Estefania eta Xabier Mujika), garaile bakar bat aukeratu behar izan du.

Honela, Esporak Sarean literatur sariaren lehen irabazlea Ezekiel da. Ezekielentzat izango da Hanlin V3 liburu elektronikoa, epaimahaiaren ustez 55. espora izan baita puntako espora. Espora hau lehen mailan aurkitzen da, Anduren testuari honela jarraitzen diolarik:

*“Bederen non nagoen jakingo banu. Tinta txuriz idatzitako liburu zentzugabe baten itxura du nire burmuinak. Hutsa, aldrebesa, esanahirik gabea. Egun garena iraganeko oroitzapen guztien emaitza besterik ez omen da. Ez dut ordea ezer oroitzen. Beraz, ez al naiz ezerrez? Begiak ireki berri ditudan arren iluntasun larri batean murgilduta nago. Iluntasun isil eta bortitz batean. Gero eta handiagoa eta astunagoa egiten zaidan piztia beltz ikaragarria. Orain bai! Oraintxe bertan oroitzapen xume bat datorkit burura. Maria dut izena. Besterik ez.” *

Aipatu ere, laister izango dituzuela garatu diren istorioak zuen irakurle elektronikoetan eta zuen mugikorretan irakurtzeko aukera. Beraz erne egon!

Unaiegi partehartzaileari ere, gure zorionik beroenak, bera izan baita liburu lotearen zozketan saritua. Zorionak eta eskerrik asko!

Amaitzeko, bost kiloko eskerrikasko haundi bat parte hartu duzuen guztioi eta esan zuek guztiokin kontatzen dugula bigarren edizio baterako, biba zuek!

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


garoa   esporak-sarean   durango