Zazpi etxe Frantzian

Pedanteok tripatxo zerbezeroa dugu bereizgarri. Tripatxo hau ez da ordea tabernetan edaten ditugun kaña guztien ondorio, egongelako sofan irakurtzen eta ordenagailuaren aurrean arrantzuan igarotzen ditugun ordu guztien "ordaina" baizik. Pedante garelako Miarritzera joan eta Hotel du Palais-eko Imperial kafetegian hasi dugu eleberria. XIX. mendean murgildu gara bete-betean, inguruko frantsez doinuen xuxurlaz. Petit dejeuné bat eskatu eta liburua esku artean harturik, tripa zerbezeroa duen idazlearen azken eleberria irakurtzen hasten gara: Bernado Atxaga eta zazpi etxe Frantzian.

Lehen ezustekoa, istorioa Afrikan kokatzen da, Kongoko kuartel belgiar batean, Yangambin. Idazle asteasuarraren Afrika ez da "Gaur egun" teleberriak erakusten digun bezalakoa, ezta ume soldaduena edo barruak airez beterik dituzten haurrena ere: Abentura kolonialeko Afrika misteriotsu bat da. Kongo beraganatu zuen belgiar errege krudelarena, Leopoldo II.

Eleberriak pertsonai batetik bestera egiten du salto. Kolorez beteriko istorio bat da, antilope, tximinu, lehoi, suge posoitsu, errebelde eta birjina maitagarriak ditu agerleku berean dantzan, basoan dantzan.

Lalande Biran kapitainak poeta haundien galoiak jantzi eta etxera itzultzearekin egiten du amets, baina bere emaztearen desioa bete beharko du lehenik: Frantziako zazpi etxeen jabetza. Van Thiegelek buruan duen gauza bakarra ahalik eta neskatila gehienekin oheratzea da. Donatien da Lalande Birani bertako birjina ederrak aurkezten dizkiona. Chrysostome Liège gerlari on bat besterik izatea ez du gogoko...

Bigarren ezustekoa, croissant-a amaitu bezain pronto portzelanadun platertxo batean ekarri diguten kontua. Liburua merkeagoa da gosari bera baino.

Deabruak dioenez, pedante latinezko paedagogus hitzaren deformazio bat da, eta honek aldi berean greziar paidagogos hitza du erraitzat. Inork ez dezala duda idazle asteasuarra ez denik hizkien pedagogo bikaina. Haundia haiz Bernardo!

Zazpi etxe Frantzian

Egilea:
Argitaletxea: Pamiela
ISBN: 9788476815830

Est- ce qu'on doit nettoyer aussi cette maison et la maison du capitaine?