Euskal kulturaren etorkizuna jokoan

Atzo arratsaldean, ilundu baino lehen, Zarautz eta Getaria lotzen dituen errepidean pasiatxo bat ematera animatu nintzen nire bikotearekin. Azken hilabeteotan bezalaxe, burua lehertu beharrean neukan arratsalde osoa liburuaren etorkizunari buruzko artikulu eta iritzi pila bat irakurri ostean. Bapatean, nire bidaikide polittak, gaiztakeriaz beteriko galdera bat luzatu zidan: bigarren tunelaren parean irakurketaz gozatzen ari den erromantiko horrek paperezko liburua alboratuko duela uste duzu? Agian ez maitia, nork jakin! baina, baten bat arduratzen ari al da errromantiko horrek formatu digitalean euskal literaturaz gozatu nahi badu? Oraindik erantzunaren zain jarraitzen dut.

Ez dakit jada irakurle elektronikoen ordua iritsi den edota Interneten dagoen burrunba erreala izango den ala ez. Egunero irakurtzen ditugu honelako titularrak: “Irakurle elektronikoen booma: adi aurtengo gabonetan”, “Sony etxeak bi hilabeteren buruan 100.000 irakurle digital saldu ditu”, “Google eta etxe japoniarrak akordio bat sinatu dute, zeinaren bidez, Google-ek digitalizaturiko liburu guztiak Sony irakugailu digitalean irakurri ahal izango dira”, “Kindle-ak bere lehengo urtebetean %32 gailu gehiago saldu zituen iPod-arekin alderatuz gero”. Datu guzti hauen berri izatea ondo dago, noski, baina zein da euskal liburugintza sektoreak bizi duen egora liburu digitalaren inguruan

Atrebentzia handiz baina lotsaren arrastorik gabe euskal argitaletxe ezberdinetan atea jo dugu gai honi buruz galdeginez: Nola ikusten duzue liburu elektronikoaren sorrera euskal argitaletxeek? Zer pentsatzen duzue guzti honen inguruan?

Txalaparta argitaletxetik honela erantzun digu Mikelek "liburu elektronikoaren sorrera bere garaian bideo, telefono mugikor edo bestelako gailu elektronikoen sorrera bezala ikusten dudala suposatzen dut. Etortzekoa zen zerbait da, beste gabe. Zientziak urrats nabarmenak egin ditu portabilidade mailan eta pentsatzekoa zen ordenagailu, telefono eta abarrekin gertatu zena gertatu zitekeela ere liburuekin".

Elkar argitaletxeko Mikel Agirrezabalaga komunikazio buruak, bestalde, honakoa dio "Elkar Taldean (argitaletxeak barne) dagoeneko badago gai honen inguruan hausnarketarako bide bat irekita. Erabaki bat hartu aurretik merkatuaren azterketa bat egin nahi dugu, garbi dugu euskarazko merkatuak dauzkan ezaugarri eta berezitasunak kontuan hartuta euskarri batean egin edo bestean egin, aurre gogoeta bat eskatzen duela. Bide horretan bi alderdi hartu ditugu kontuan; alde batetik alderdi teknikoa oraingoz gehien garatu dena eta bestetik, edukiei dagokien atala. Bigarren hau fase desberdinetan burutuko dela uste dugu, garatzeke dago eta Elkar Taldea osatzen dugunok datozen urteotan irekiko den merkatu berri hori begira jarri gara, argitaletxe handiek markatuko dituzten bide eta tendentziak jarraitzeaz gain, gure bide propioa eginez”.

Garbi ikusten denez lehenego mugimenduak ematen ari dira euskal argitaletxe hauetan. Badirudi orain hilabete batzuk bizi zen eszeptisismo egoera hori baztertua izan dela. Jakitun dira aldaketak emango direla eta bakoitza bere erara antolatzen ari dela dirudi. Garoa liburudendatik guzti honek liburudendetan nola eragingo duen ere galdetu diegu.

Mikelek Txalaparta argilatetxean izenean honako hau dio: "Horren aurrean adituek diote txikiek handiek bezalako aukerak dauzkagula hasieran behintzat. Nik ez daukat argi. Gurean arlo editoriala ez da sektore handia –Katalunian bezala, kasu- eta, zentzu horretan, inbertsiorako aukerak oso urriak dira –existitzen direla esatea ere...-. Hemen egiten den gehiena, guztia ez bada, konbentzimendu eta militantzia hutsagatik egiten da, gehienetan instituzioen bizkar. Beraz, arlo honetan ere bide malkarra izango dugula suposatzen dut. Hala ere, argi dagoena da mundu mailako aldaketek gurera ere heltzen direla urtea gora, urtea behera eta gure burua prestatu behar dugula aldaketa horietarako, momentuz prestatze hori ideologikoa, kontzeptuala eta teknikoa soilik bada ere”.

Elkar argitaletxeak birmoldaketak atzematen ditu etorkizun gertuan "Zalantzarik ez daukagu honek guztiak birmoldaketak ekarriko dituela, baina ez bakarrik argitaletxeen kasuan, baita ere liburuaren inguruan egin ohi den eta egun egiten den promozio, marketing, publizitate eta beste alor askotan. Argitaletxean egiteko moduko aldaketak izango direla uste dugu, baina oro har eginkizunak ez dira aldatuko, argitaletxeak egun burutzen duen lana ez du euskarriak ordezkatuko, moduak aldatu bai, baina editorearen funtzioaren premia berdina izango da gure ustez. Liburuaren komertzializazio sistema izango da aldatuko dena, eta ez horrenbeste edizioarena. Gure elkar liburu dendek daukaten 30 urteko historian zehar birmoldaketak une eta garai desberdinetan eman ohi dira eta euskarri berrien aurrean ere, dagoeneko lehen urratsa eman dugu liburu elektronikoak liburuzalearen esku jartzen hain zuzen ere. Aldaketa hauek guztiak noiz gertatuko diren zehaztea zaila gertatzen bazaigu ere, zalantzarik ez dugu epe ertain batean horiek gertatuko direla eta prozesu horretan bi euskarriak (papera/elektronikoa) elkarrekin biziko direla".

Guk hemendik eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu bai Txalaparta argitaletxekoei eta baita Elkar argitaletxeari ere gure galderei erantzun izanagatik. Eskerrak zuen atentzioarengatik.

Hemendik aurrera jaso ditugun iritziak aztertzea da bakoitzaren lana. Artikulu hau idaztearen helburua euskal argitaletxeek egoera berri honen aurrean dituzten irizpideak azaltzea izan da. Batzuk ateak ireki dizkigute parez- pare, beste batzuk aldiz, zirrikitutik ikusten jarraitzen dute oraindik edo.

Garbi dago inork ez dituela ezagutzen zehatz mehatz eman beharreko pausuak, eta argitaletxe bakoitzak bere bidea aukeratu beharko duela. Argitaletxe batzuk garbi ikusiko dute liburu elektronikoak plazaratzea ezinbestekoa dela. Egia esan, Elkar izan da estatu mailan pausu hau ematera animatu den lehenetariko bat. Beste argitaletxe askok, bestalde, beraien webguneak hobetzearren (interaktibitatea bultzatzeko) edota branding lanetan hasi dira sare sozialetan. Denborak esango digu nork ematen dituen pausu zuzenak.

Guretzat gauzarik garrantzitsuena euskal kulturak eta bereziki euskal literaturak gainean duen erronka da. Nahiz eta Mikel Agirrezabalagak kontrakoa adierazi, euskal kulturak eta liburugintzak oroar liburu digitalarekin bizi duten egoera erabat berria da. Hitz guzti hauek, Jean-Nöel Jeanneney frantziarrak orain dela 5 bat urte egin zituen adierazpenak birgogoratzen dizkit. Jean-Nöelek europear kulturak bizi izan zezakeen egoera salatu zuen Google Book proiektuaren mehatxupean. Guk arrisku berbera aurreikusten dugu liburu digitalen edukiekin eta euskal kulturarekin. Zein bide ari gara egiten gure irakurleoi atzerritar maisulanez betetzen badizkiegu beraien liburutegiak? Inorri ez zaio axola liburu digitaletan euskal eleberririk ez etortzea? Guretzat askoz ere garrantzitsuagoak dira eduki digitalak erabiliko diren tresna eta gailu guztiak baino. Euskal kulturaren erronketariko bat eduki digitalak egoki prestatzea da erabiliko den tresna baino.

Irakurle elektronikoak iritsiko direla hain garbi baldin badago: edukietan pentsatzen hasi beharko genuke ezta? Liburu digitalen booma, prezioa jeistearekin batera, beraien edukietan datza. Liburu digitaletan gaur egungo eleberri frexkoak behar ditugu. Katixa Agirreren “Habitat” aurkitu nahi dugu gure liburu digitaletan.

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.

Jaso ditzazkegun purrustaden aurrean honako hau garbi utzi nahi dugu. Guk ezin ditugu gailuak edukiz bete, guk ez baitugu edukirik sortzeko gaitasunik. Guzti hori argitaletxeen lana da edo izan da behintzat. Gu irrikitan gaude azken eleberriak bai paperezko formatuan eta formatu digitaletan aurkezteko. Gauza batek ez du bestea kentzen eta ezin dugu inoren zain egon.

Egunerapena (17-04-2009)

Jean-Nöel Jeanneneyren “Google desafía a Europa” irakurtzea gomendatzen dizuegu gure kezkak hobeto ulertzearren.


etorkizuna   google-books   euskara   liburu-elektronikoa   jean-noel-jeanneney