Futbolzale amorratuak -efektudun baloia-

Futbolzale amorratuak gara eta plaierotan jolasten dugu. Berdin du kazkabarra, elurra edo eguzkia egin, ia 600 lagun biltzen gara hondartzan futbolean aritzeko. Futbol zelaiak beharrean hondar zelaiak hondartzaren albo batetik bestera. Orotara hogeita lau hondar zelai eta neska, mutil, gazte, nerabe eta beterano pila bat hondartzan baloiaren atzetik. Zarautzen futbolzale amorratuak gara.

Iribar atezain haundia, Estanis Argote, Manu Urbieta edo Dani Estrada izan zitezkeen sail honetako pertsonaiak, baina bilduma honetako istorioak Alemanian kokatzen direnez, atezainak Mehmet du izena, atzelariak Catrina, Niko kapitainak eta aurrelariek Moritz eta Olli. Funtsean futbol talde bateko bost lagunen harremanak eta arazoak kontatzen dira. Batzuetan, haserreak eta gatazkak sortzen dira, baina joko garbiari eta adiskidetasunari esker, gainditu egiten dituzte. Bilduma futbolaren alderdirik onenak nabarmentzen saiatzen da: solidaritatea, elkarren arteko laguntza eta sexu edo arraza bereizketarik eza.

Haurrek, zoritxarrez, irakurtzea ez dute futbola adina gogoko. Beraz, futbolaren aitzakiz irakurketa gaztetxoenei hurbiltzeko modu bat izan liteke bilduma honetako edozein liburu.

Erraz irakurri eta euskera txukunean itzulitako liburuak dira. Futbolaren inguruko erreferentzi eta esamoldeak amaigabeak dira: "baselina, artazia, horma, txartel gorria, jokoz-kanpoa, taktikak, efektudun baloiak, joko zikina, fitxaketa bikaina..."

Plaierotan jolasten duen edozein haurrek gustora irakurtzeko moduko liburuak dira eta ziurrenik  Juamma Lillo errealeko entrenatzaileak bere lehenengo jaunartzean opari bezela desiratuko lukeen bilduma bat da. Futbolsofia gaztetxoenentzat.

**Egunerapena (21-04-2009) **

Futbolzale amorratuak garenez eta plaieroak zer diren ez dakiten lehorreko jendearentzat tori pasa berri den larunbateko finalerditako irudi batzuk. Ez da Rio, Zarautz da, eta bigarren urtez jarraian gure kuadrilla finalean da.

Futbolzale amorratuak -efektudun baloia-

Egilea:
Argitaletxea: Ibaizabal
ISBN: 9788483941751

Gol, gol, gol!