Irakurketa digitalaz asetzeko bi menu

Madrilgo Liburu Azokan oraindik liburu elektronikoek ez dute lekurik. Lekuz kanpo daude. Baina, zein helburu egon liteke guzti honen atzean? Ez dago helbururik, aurre-ezarririko legedi bat da, besterik ez. Garai batean bideojokoak, bideoak eta DVDak liburu azoketaz ez jabetzeko ezarri zen legedi hau eta indarrean jarraitzen du liburu elektronikoak lekuz kanpo utziaz. Baina gure gose digitala asetu nahian bi menu berezi topatu ditugu!

Aurten ere, liburu elektronikoek itxita dituzte Retiro parkeko ateak. Aurtengo edizioan bazirudien stand batzuetan liburu elektronikoak ikusteko aukera izango genuela, baina ez da horrela izan, ez dugu bat bera ere aurkitu. Salmahaietatik liburu elektronikoak kendu dituzten arren, jendearen ahotan beste gauzarik ez dabil. Bolo-bolo dabilen gaia da Azoka guztian, jendea literatur digitalaren apetituz dabil.

Ez dago zalantzarik teknologi berrien eraginez literatura berri bat muturren aurrean dugula. Bide berriak irekitzen ari dira eta azokako antolatzaileek irakurlearen apetitu digitala bete beharrean, platera hutsik... Hala eta guztiz ere, Madrileko Azokan lehendabizikoz, pasteltxo goxo bat eskeiniko digute. “Aperitibo” modura eta jendearen jakin-mina okatu nahian, liburu elektronikoari buruzko hitzaldiak ospatuko dira “Del sinodal al digital” lelopean, Kultura Ministeritzak eta Irakurketaren Behatokiak antolaturik.

Azokak eta literatur jardunaldiak aldatzen badoaz irakurleak literatura plater berriak eskatzen dituelako da. Ez da sofistikazio kontua eta are gutxiago moda bat.

Zu ere gose baldin bazara, Larrabetzun aurkituko duzu bila zabiltzan plater bikaina. Literaturiako antolatzaileek sukaldari talde bikaina batu dute irakurle bakoitzari bere gustuko platera sukaldatzeko. Sukaldari talde zabal bat eta menu pertsonalizatuak, bakoitzak aukera dezala zenbat plater nahi dituen. Jardunaldiari ostiral arratsaldean emango zaio hasiera eta igande afalosterarte dena libre.

Larrabetzun aurkeztuko diren plater exotikoak ez dira sekula ikusi inguruan. Gu ere bertan izango gara, kafe zerbitzari gisa, eta lan hauetarako lankide bikaina izango dugu, Susa argitaletxeko Josu Landa. Kafeak zerbitzen larunbat arratsaldean hasiko gara, 5:30ak inguruan. Denoi kafetxoa atera ostean, liburu elektronikoaren inguruan solasean jardungo dugu. Bi ikuspuntu, argitaletxe eta liburudenda parez-pare, kafez-kafe. Norbaitek pastak eraman nahi baditu, perfekto!

Honela bada, ez huts egin gonbite honi. Literaturaz gose baldin bazara, ez utzi Literaturia dastatu gabe. Ea noiz duzun honelako literatur plater pila bat ahoratzeko aukera!.

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.

Hemen usten dizkizuegu bi menuak zuen platerak aukeratzen joateko: Literaturia  eta Madrilgo Liburu Azoka. Gu behintzat bapo-bapo jarriko gara!


liburu-azoka   madril   literaturia   liburu-elektronikoa