Zein etorkizun geratzen zaigu liburudendei?

Googlek aurtengo gabonetan irekiko du bere megaliburudenda berria. Orain arte gozatu ahal izan dugun Google Books proiektua eraldatu eta munduko liburu “argitaratzaile” eta “saltzaile” haundienda bihurtuko da. Erabaki honekin, Amazonek bizi izan duen arrakasta bereganatu nahi du bilatzaile erraldoiak. Zer egin behar dugu, edo hobeto esanda, zer egin ahal dezakegu liburudendek honen aurrean? Zer datorkigu gainera? Galdera hauen erantzuna garbia da: ezerrez. Google ez da behin ere liburudenden konpetentzia izango, bi mundu ezberdin dira. Hala ere, agerleku berriaren aurrean gure bidea definitu beharrean gaude, hurrengo artikuluan saiatuko garen bezala.

Liburu sektorearen marko estruktural berrian non aurkituko garen ez dakigu, oraindik ez dira modelu digitalaren pausu edo paradigma berriaren faseak zehaztu. Batzuk estruktura pre-digitalaren fase berberak mantenduko direla diote. Alegia, liburudendak bitartekari eta aholkulari lanak egiten jarraituko dugula. Beste batzuk aldiz, liburudendak editorearen aurrean ezer gutxi egin ahal izango dugula diote. Tendentzi honek bitartekari-aholkularia erabat alboratu eta editore eta irakurlearen arteko harreman zuzen bat aurreikusten du. “Wiki editorearen” eta irakurlearen artean klik bakar bat egongo da, ez da beste inor izango tartean. Erabaki egokiak hartu behar ditugu irakurleak ez dezan ordezkatu betiko itsasorratza, emule izar berriarengatik.

Liburudendarien zerbitzua, irakurketa ozeanoaren izar polar izatea, arriskuan da. Modelu digitalean aholkulariaren figurarik ez da atzematen. Musika entzule askok baztertu zuten diskodenda bisitatzeko ohitura. Orain dela ez horrenbeste gure herrian 3 diskodenda genituen. Asmatu zenbat geratzen diren. Hau al da liburudendei geratzen zaigun etorkizuna?

Ezin dugu irakurle digitala ergeltzat hartu. Eduki digitalen prezioak irakurleak ezarriko ditu. Digitalizazio prozesuari ezarririko prezioaren gehigarri guztiak mespretxatuko ditu. Guzti hau lehenengo minututik ulertu ezkero, pirateriaren beharra aupatzeko erabiltzen diren ezaugarri nagusienetako bat murriztuko dugu.

Ez baditugu guztion artean pausu egokiak ematen eta hausnarketa sakon bat burutzen, irakurlea piraterian murgilduko da irakurketa berrien egarri. Ezin dugu onartu emule izatea gure liburudenden eta liburutegien etorkizuna. Musika sektoreak eman zituen pausuak jakinda, ezin dugu zulo berdinean erori. Guzti hau aldatzeko denboraz aurkitzen gara, baina gero eta aukera gutxiago ditugu.

Susana Viamagna mintzo den kezka saihesteko (“Zenbat pertsonek ordainduko dute bere portatilean irakurtzeko...”) lehenago aipatu ditugun bi puntuetan oinarritu behar gara: eskaintza zabal bat eta eduki digitalen prezioa. Erabiltzailea errespetatzen badugu, errespetuz erantzungo digu irakurleak. Hor dugu adibide modura, Itunes negozio modeloa. 6000 milioi kanta saltzea lortu dituzte, munduko bizilagun bakoitzak kanta bat erosi izan balu bezala da. Noski ez dela ez produktu ez merkatu bera baina erabiltzaileak izan duen erantzuna aztertu behar da zerbitzu egoki baten aurrean.

Liburudenda bakoitzak bere bidea aukeratuko du. Batzuk beraien bidean ez dute irakurketa digitala aintzakotzat hartuko. Agian “tematika” zehatz baten espezializazioagatik egingo dute apostu edota literaturaz gain beste eduki kulturalen alde egingo dute. Amaraunak sortu eta ekimenak elkarbanatzea, zulo beltza ekiditeko bide errespetagarri nahiz interesgarria izan liteke. Guk gure ogibidea maite dugu eta liburu artean jarraitu nahi dugu.

Hala ere, gogoan izan behar dugu irakurle digitala bidean dela, eta oraindik ongi ezagutzen ez badugu ere, ez izan zalantzarik laister ezagutuko dugula.

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


etorkizuna   liburu-dendak