Liburuen superproduzioa, gaindosia

Liburuen superprodukzioak zergaitik izan behar du kaltegarria? Produkzio haundi batekin, irakurleari eskeintza zabalago bat eskeintzen zaio. Liburu gehiagorekin liburudendariok zerbitzu egokiago bat eskeiniko diegu gure irakurleei, satisfakzio maila altuago bat eta argitaletxeek gehiago argitaratzeko aukera edukiko dute. Baina zer gertatzen da irakurlearen ikuspegitik begiratzen hasiz gero? Irakurleak liburu gutxiago erosten baditu, zergatik jarraitzen du liburu produkzioak bere horretan? Akaso ez al dago beste irtenbiderik?

Aurreko artikuluan irakurketa digitalaren aurrean gure ustetan kontuan eduki behar diren pare bat punturen inguruan jardun genuen. Honako honetan aldiz, paperezko liburuaren etorkizuna argitzen saiatuko gara eta orain arte sektorea nola hala mantendu duen zutabe nagusiaren lur jotzeak zer ondorio ekarriko dituen, testu materialen dohaikotasunaren ondorioak.

Liburuaren sektorearen datuak INEko azterketen arabera honako hauek dira: Espainiar estatuan 2007. urtean 73.000 titulu argitaratu ziren, titulu bakoitzetik batez beste 3000 ale. Euskadin, aldiz, 2767 titulu eta 1610 ale batez besteko.

Datu hauek gehiago zehaztu eta gure lurraldean kokatu asmoz, Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkarian euskal liburugintzaren inguruan argitaratzen duen analisi kuantitatibora jo dugu. Analisi honen arabera, euskaraz nahiz elebiz, 2006. urtean 1.818 titulu argitaratu ziren, 2362 tituluko oso batetatik. Argitaratutako liburu kopuruaz gain, argitaratzaileen jarduera ere aztertzen du Torrealdaik. Argitaletxe handienei dagokienez -eta soilik editore komertzialak aintzat hartuz-, Elkar dago zerrendaren buruan 207 titulurekin. Atzetik, Ibaizabal (185), Elkar/Ikastolen Elkartea (132), Erein (76), Ttarttalo (61), Giltza-Edebe (49), Alberdania (47), Hiria (40), Zubia-Santillana (38) eta Pearson (30) daude.

Argilatxeen izenei kasu eginez, garbi geratzen da irakaskuntzari lotua dagoela euskal liburu produkzioa, hirutik bat arlo honetakoa baita. Haur eta gazte literatura gehitzen badiogu, produkzio osoaren erdia betetzen dute. Fakturazioaren portzentaiak J. Gimenezek Kulturaren Eusko Kontseiluan euskarazko liburugintzaren txostenari kasu eginez, honela banatuko litzateke:

  • Eskola eta unibertsitaterako testuak, euskarazko fakturazioaren %51.
  • Helduentzako literaturak, %11.
  • Haur eta gazteentzako liburuak, %26.
  • Gainerako gaiek (giza/gizarte zientziak, dibulgazioa, liburu praktikoak, hiztegiak, entziklopediak, etab.), %12.

Datu hauetan ageri den bezala, irakaskuntzarako testugintza izan da orain arte euskal edizioaren euskarri ekonomiko nagusia, fakturazioaren erdia osatzen zuena. Fakturazioaren zati honek, liburudendei behintzat, eskuetatik ospa egingo digu. Pentsa testuliburuek liburudenda baten irabazien %40a osatzen bazuten, nola berreskuratu dezakegu kuota hau? Zein arlok estali behar du zulo beltz honen erdia?

Konklusio sakon batzuetara iristeko euskal irakurle kopurua jakitea beharrezkoa da. Euskal Autonomi Erkidegoan euskaraz irakurri ohi duten irakurleak, kopuru absolutuetan jarrita, 325.000 inguru dira. Kopuru hori euskararen lurraldea osora estrapolatu ezkero, 400.000. 4,5 milioi liburu (testu liburuak barne) 400 mila irakurleentzako, 11 liburu urteko euskaraz irakurle bakoitzarentzat. Liburu dexente, kontutan hartzen badugu biztanlegoaren erdiak onartzen duela ez duela irakurtzen, eta irakurleen artean %19ak bakarrik irakurtzen dituela urtean 10 liburu baino gehiago. Testu liburuak tarteko, datuak puztu egiten dira.

Ziur guzti honek azterketa sakonago bat eskatzen duela, ehundaka datu eta ezaugarri gehiago, baino pare bat ideia garbi atera daitezke bertatik. Urteko 2.000 liburu argitaratzeak eguneko bost liburu pasatxo esan nahi du. Astero 35 liburu, euskaraz soilik, gure eskaparatetxoan leku baten bila gaztelaniazko irakurketak nagusitzen diren merkatu batean.

Euskaraz argitaratzen duten hainbat editore eta argitaletxe txikien lana txapela kentzeko modukoa da. Merkatu ikuspegi batetik hartzen duten arriskua itzela da. Euskal irakurleak asko zor diegu.

Ia ezinezkoa bihurtzen da liburu bat 15 egun eskaparatean mantentzea. Argitaletxeak jakitun dira liburu produkzioa jeistea onuragarria litzatekela sektorearentzat. Baina produkzioa jaisteak merkatu kuota jeistea esan nahi du, salmahaian zati txikiago bat edukitzea eta sektorean inertziaz funtzionatzen jarraitzen dugu efikaziaz funtzionatu beharrean.

Liburuen joan etorria amaigabea bihurtu da eta igandetako jai eguna “deboluzioak” egiteko egun bihurtu da liburudendari bat baino gehiagorentzat. Garraiolaria kaxekin ikusi ahala “ikara” nagusitzen zaigu liburudendarioi eta bapateko galdera “zenbat kaxa ekartzen dituzu?” izan ohi da. Kaxak ireki, liburuei prezioa jarri eta igandetako atseden eguna “deboluzioak” egiteko eguna bihurtu dugu. Alperrrikako lan bat, denbora galtze bat, gaindosia.

Baina, koka dezagun gure liburudenda momentu batean 2015 urtean. 16 urtera bitarteko ikasketa liburuak dohako dira. Batxilergoko liburuak ez gara ausartzen dohainik izango direla esatera, baino ez da zaila imajinatzea hau gerta daitekela. Gazteek digitalean irakurriko dute, 2007an liburu sektorearen irabazien %26a ematen zuten irakurleek formatu digitalak eskatuko dituzte. Paperean irabaziak murriztuko dira, gidaliburuak, bidailiburuak eta liburu tekniko gehientsuenak digitalean “kontsumituko” dira. Akaso digitalari eustea ez da negozio bide berrietan pentsatzea, geratzen zaigun irtenbide bakarrenetako bat baizik, salba gaitzakeen oasi fantasiosoa.

Liburudendak etorkizun oso beltza dugu, eta gainera bide berrien aurrean gure buruari oztopoak eta zalantzak gehitzen badizkiogu, akabo. Kultura teknologiko bat ari da nagusitzen, testu materialaren dohakotasunak, digitalizazioak eta etorkizun gertuan hezkuntza sisteman iragartzen diren aldaketak paradigma berri baten aurrean jartzen gaitu, argitaletxe handienetatik hasi eta liburudenda txikienerarte. Hau da ate joka dugun etorkizun gordina.

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


etorkizuna   euskara   liburua   liburu-dendak