Euskal idazleak eta teknologia berriak

Idazle gehienek teklatuari ematen diote idazterako orduan. Anjel Lertxundik ezingo luke lanik egin bere Mac-ik gabe. Fernando Morillok aldiz, mendian edo hondartzan, soinean daraman PDA atera, teklatu txikira itsatsi eta idazten hasten da. Baina, teknologia berriek nola eragiten dute idazlearen “ofizioan”?

Gaur egun idazleak liburua paperean argitara dezake, Xabier Amurizaren moduan webgune propioan zintzilikatu, Bernardo Atxagaren moduan egunkari digital bidez kapitulu bat eskeini, edo 27zapataren antzera, bere poema musikatuak bideo formatuan zintzilikatuz.

Garai batean pentsaezina zen idazle batentzat hainbeste aukera izatea eskuartean, zaila zen webgune propioa izatea. Orain, berriz, edozeinek sor dezake blog bat. Informatikaz ezer gutxi jakin gabe, edonork idatzi eta argitaratu ahal ditu iritzi, amets, pasadizo… Euren bloga edo webgunea kudeatzen duten euskal idazleak gero eta ugariagoak dira. Sarean bila genitzazke adibidez: Miren Agur Meabe , Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Fernado Morillo, Anjel Lertxundiren Berria egunkariko bloga edo Hasier Etxeberriaren bloga.

Hainbat argitaletxetako komunikazio eta marketing sailek ere, teknologia berriak aintzakotzat hartu dituzte eta sarean burutzen diren kanpainak gero eta ugariagoak dira: Stieg Larsson en Millenium trilogiaren “La reina del palacio de las corrientes de aire" lehenengo atala Antena 3 telebistaren webgunean zintzilikatu eta 24 orduren buruan 15.000 irakurketa izan zituen, eta orotara, 60.000 baino gehiago. Kontuan hartzeko datuak dira eta irakurleak erakartzeko beste modu bat teknologia berrietan oinarrituz.

Euskal argitaletxe batzuk ere ez dira atzean geratzen eta Susa argitaletxeak adibidez bere webgunean aukera eskeintzen du nobela ezberdinak irakurtzeko. Alberdaniak, aldiz, idazleen lanak mugikorretara jeisteko aukera eta argitalpen berrien lehen kapitulua webgunean zintzilikatzen du irakurlearen gozamenerako. Hala eta guztiz ere, oraindik argitaletxe gutxi dira euren webgunean idazlearen blogera link xume bat eskeintzen dutenak.

Teknologia berrien bidez idazleak sare sozialetan parte hartu dezake eta irakurlearekin zuzeneko harremanaz baliatu, elkarrizketak entzun edo eztabaidatuz. Gero eta idazle gehiago dira Facebook edo Twitter bezelako sare sozialetan parte hartzen dutenak euren irakurleekin amaraunak sortuz. Irakurleak parte har dezake idazleak hala eskaintzen badu liburuaren sortze prozesuan. Idazle eta irakurlearen arteko harremanaren ondorio dira Javier Celaya bilbotarraren “La empresa en la web 2.0” eta Katixa Agirreren “Habitat” liburuaren azalak. Facebook sare sozialean zintzilikatu zituzten liburu azal ezberdinak eta euren jarraitzaile eta lagunen iritziak kontutan hartu zituzten liburuaren azala aukeratzeko unean.

Erreferentzia jada ez da soilik liburua, blogak eta bestelako euskarri anitz daude gaur egun eta horiei ere merezi duten atentzioa eskaintzen diete idazleek. Idazleen blog eta webguneak erreferentziazko bihurtzen ari dira eta oihartzun nahiz makina bat albiste sortzen dituzte.

Idazle askori lan egiterako orduan ere, izugarri baliagarri eta eraginkorrak iruditzen zaizkio tresna teknologiko asko. Fernando Morillo idazle azpeitiarrak edo Pablo Zapata nafarrak ikastetxetan euren liburuak aurkezterako orduan aurretiaz irakasleekin hitzegin eta proiektore baten presentzia eskatzen dute saiorako. Bi idazle hauek erabat jakitun dira belaunaldi berrien interesa eta arreta pizteko euren errealitatean murgiltzea derrigorrezkoa dutela eta musika eta irudi bidez ere lantzen dituzte saioak. Fernando eta Pablo “pen drive” batekin agertzen dira ikastetxe guztietara eta zinez gaztetxoenen arreta bereganatzea lortzen dute. Pablok “Bajo la sombra de la Gran Pirámide” liburua ikastetxe batean aurkeztu behar duenean Egipton egindako bidaien argazki, mapak eta liburuari izena ematen dion piramide berbera erakusten du proiektore bidez. Fernandok musika eta irudiak ere nahasten ditu, azpeitiarra artista bat da.

Teknologia berrien garapenarekin ere, genero berri batzuk sortzen ari dira literaturgintzan: blogetan oinarritutiko eleberriak blognobelak, testu hibridoak, blooker-ak, mikro-testuak, mikro-ipuinak, etab. Fenomeno berri hauei esker, idazle eta erreferente berri anitz sortzen ari da XXI. mendeko euskal literaturgintza berrian.

Hala eta guztiz ere, amaitzeko, Umberto Ecoren hitz batzuk gogoratu nahiko genituzke: “ordenagailua ez da makina jakintsu bat zeinak jendeari laguntzen dion, makina inuxente bat da eta soilik gizakiari esker funtzionatzen du”.

Gauza batek, beste bat kentzen ez duelako. Bide berriak gehitu besterik egiten ez direlako: Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.

Opari bezela...

Idazleak behar duen bideogida bizitza digitalari aurre egiteko.


idazleak   euskara   literatura-digitala