Zarauzko Liburu eta Diska Azoka

Itsasgoran, ura goian dagoenean, gure herrian ez dago hondartzarik. Itsasbeheran aldiz, ur-maila behean dagoenean, inurritegi baten antza hartzen du gure herriko hondartzak. Eta bitartean zer? Ez badakizu nora joan eta zer egin. Hona hemen plan bikain bat! Zarauzko Liburu eta Diska Azoka.

Uda hasieran Jazz-a, gero tiobiboak, zinema, air-showa, Mariatxiak, Abba, Pantxoa eta Peio, eta oraingoan liburuek hartuko dute lekua Munoa plazan. Datozen hamar egunetan, abuztuaren 21ean hasi eta hilaren 30arte, Liburu azokaren edizio berri bat ospatuko da Zarauzko Munoan. Azoka egunero egongo da irekita, goizez 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldez aldiz 17.00etatik 20:00ak arte.

Liburu eta Diska Azoka bakoitza mundu bat da eta ezaugarri propioak ditu. Durangoko azoka urteroko zita bat den bezala, azoketan-azokena, Zarauzkoa aldiz toalla eta txaparro gehien ikusten den azoka da. Donostia eta Bilboko azokekin batera, gure herriko liburu azoka euskarazko ekoizpenek harrera onena duten plazetako bat da.

Aurtengoan bereizgarri bat gehitu nahi diogu gure herriko liburu azokari eta wifi konexio bat lortu ahala, irakurzale guztiontzat azoka online jarraitu ahal izateko blog bat sortu dugu: zarauzkoliburuazoka.wordpress.com. Bertan azokaren nondik norako guztiak azaltzen saiatuko gara: azokako gure lagunak aurkeztuko dizkizuegu, liburuak sinatzera azaltzen diren idazle ameslariak, zein izan den azokako best-sellerra, worst-sellerra edo zenbat toalla eta txaparro zenbatu ditugun.

Beraz badakizu: uda honetan oraindik ere, libururik irakurri nahi baduzu, jantzi txaparroak, hartu toalla eta pasa zaitez Zarauzko liburu eta disko azokatik. Eta hau ezinezkoa bazaizu, hor duzu azoka jarraitu ahal izateko bloga!

Oharra

Liburuaren gomendioa eta eguzkitako krema gure kontu!!


zarautz   liburu-azoka