Analisi eta irakurketa garaia, digitalizazioa

Dagoeneko urtebete igaro da gure liburu dendako apal birtual hau sortu genuenetik. Sarritan esperimentu gisa definitu dugun blog honek, liburugintzaren sektorea du aztergai. Bi anaien artean lau eskutara idatzi ditugun artikuluetan zalantzan jarri izan dugu, behin baino gehiagotan, liburugintzaren etorkizun gertua. Gainean daramatzagun azken duda hauek ezabatzearren, eta jarraian erakutsiko dizuegun analisia egin dugu, liburugintzaren paradigma berri baten aurrean gaudela ziurtatuz. Agerleku berri bat atzematen da eta ez da gure fantasia huts bat. Ez dago atzera bueltarik.

Erabiltzaileek sarean produktu ezberdinekiko dituzten joerak aztertzeko oso erabilgarri da Google Insight. Google-ren erreminta honek bere bilatzailean egin diren bilaketen kopuru normalizatu bat ematen digu, gai eta kokaleku ezberdinen sailkapen bat ahalbidetuz.

Kasu honetan liburugintzaren eszenatoki berria definitzen lagun gaitzaketen bost hitz aukeratu ditugu literatura digitalaren errealitatea aztertzeko. Zoritxarrez, bilatzailean gaztelerak duen indarra eta euskaraz egiten diren datu normalizatuak jasotzeko aukera eskasa medio, gazteleraz honako bost hitz hauek aukeratu ditugu: descargar libros, libros gratis, ebook, Google Books eta libro electrónico. Diagramari begiratu azkar bat ematea nahikoa da azken urte honetan bilaketa kopurua nola haunditu den ohartzeko.

Grafikoa begiratuz berehala jabetzen gara “descargar libro” eta “libro gratis” bezalako bilaketak bikoiztu egin direla. Eduki digitalak eskeintzen dituzten webguneen eskaera bikoiztu egin da.

Ez gaitu harritzen ere Stephenie Meyer-en “Crepusculo” sagak izan dituen bilaketa guztiak. Gaztetxoenen artean izugarrizko arrakasta izan dute liburu hauek eta efektu hau sarean ere nabarmentzen da, dagoeneko belaunaldi berriek ez bait dute bi aldiz pentsatzen bere ikastolako lagunek gomendatutako liburuak saretik jeisteko orduan. Datuen arabera eta behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, pantailan irakurtzea ez da oztopo bat gaztetxoenentzat.

Datu hauek sakontzearren, Google bilatzailean gako-hitz hauek erabiliaz bilaketa bat egiten dugunean, erantzun moduan bueltatzen dizkigun webguneak aztertu ditugu. Lehen orrian azaltzen diren webgune gehienek jatorri hegoamerikarra dute eta mundu mailan azken urteetan ospetsu izan diren idazleen lanak eskeintzen dituzte .pdf eta .doc formatuetan. Eskeintzen dituzten formatu eta maketazioak ez dira oso landuak baina doakotasunaren aurrean seguruenik erabiltzailearen nahiak asetzen dituzte. Agian, argitaletxe batek baino gehiagok hitz-gako hauek nola erabili aztertzen hasi beharko lukete, irakurle potentzial askotara iristeko aukera ihesten ari baitzaie.

Aukeratu beharreko formatu eta maketazioak berebiziko garrantzia izango dute liburugintzaren etorkizunean eta batez ere P2P plataformetan. Liburuak, musikak distribuzio plataformetan eduki duen arrakasta izateko, maketazio eta formatuen unifikazio bat eman behar da, oraindik askorik bultzatu ez dena. Arazo hau ekiditearren, baliteke erabiltzaile askok Google Books-era jotzera, bilaketa kopuruaren hazkuntzak erakusten duen bezala.

Amaitzeko, eta laburtuz, azterketa azkar honetan irakurketa digitala hedatzen ari den abiadura erakutsi izan nahi dugu. Datu eta zenbaki gehiago eman genitzake: literatura digitalaren inguruan sortu diren blog kopurua edo literatura digitalari buruz sare sozialetan ematen den elkarrizketaren inguruan baina beste hainbat urteetan idazten jarraitu nahi dugunez, guzti hau hurrengo post baterako utziko dugu!!

Irakurtzea behar dugu. Agian orain, eta hemen, inoiz baino gehiago.


garoa   etorkizuna   google-books