Literaturaren bideak etorkizunean

Agenda moldatu beharra izan genuen. 111 Akademiak euskal literaturaren erronka berriak aztergai Donostiako Elkar aretoan eta gu sofa gorriaren parean txintxo-txintxo eserita. Solaskideak hiru: Xabier Mendiguren, Inazio Mujika eta Gorka Arrese, guztiak, Juan Luis Zabalaren gidaritzapean. Euskal literatur panoraman aurki genitzakeen hiru editore garrantzitsu muturren aurrean eta guk belarriak tente-tente zer esango zutenaren esperoan.

Literaturaren etorkizunaz hitzegiten hasi bezain pronto hiru editoreak bat egin zuten: “ez dakigu nolakoa den gaur egungo irakurlea, ez dugu ezagutzen eta nekez ezagutu ahalko dugu etorkizun bateko irakurlea”. Honela, gaur egungo euskal irakurlearen bizi dituen jokamoldeak azaltzen saiatu ostean, Xabier Mendigurenek garbi utzi nahi izan zigun denoi “klaberik ez dagoela irakurlea osatzeko”. Hau esan eta berehala, hezkuntzaren papera aztertzen hasi ziren kulturaren eta bereziki euskal kulturaren transmisio lanetan. Liburu bat irakurtzeak prestakuntza bat eskatzen duela jakinarazi ziguten eta Xabierrek eta Inaziok beraien lanetan ikusten dutenez hezkuntzan egiten den prestakuntza ez da kalitatekoa.

Guk liburudendan egunero bizi dugun egoera bat jarri zuten ondoren mahai gainean. “Euskaldun asko ez dago euskal literatura irakurtzeko prest”. Euskaraz ikasi, bizi eta lan egiten duen jende asko ez dago prest euskarazko liburu bat irakurtzeko. Aukeran nahiago du erderazko eleberria euskarazkoa baino, ziurrenik ez baita gai kalitatezko irakurketa bat burutzeko. “Orduan zer egin beharko lukete argitaletxeek? Akaso maila jeitsi?” Gorka Arresek ez dio zentzurik bilatzen hori baieztatzen duten euskaldunen hitzei batik bat bere ustetan “Euskal literatura haur literaturaz beterik baitago”. Gorkaren hitzek beste bi hizlarien ezezkoa jaso zuten, honek aretoko giroa berotu zuen, baita farre algararen bat ere...

Zabalak Inaziori etorkizun batean irakurketan bizi izango diren joerei buruz galdetu zionean, honek argitaletxe eta idazleen tiradek izan dezaketen garrantzia nabarmendu izan nahi zuen. Irakurleak idazlearekin egingo du bidai hau. Xabier Mendigurenek euskarak normalizazioarekin bizi duen arazoa aipatu nahi izan zuen. Bere ustez “euskaran testu luzeek arrakasta edo ez arrakasta irakurlearen prestakuntza edo ez prestakuntzak baldintzatzen du”. Ez genuke hau esango Elkarrek argitaratu berri dituen Irigoienen eta Joxe Azurmendiren lanak ikusita... Bromak albo batera utzita, gu ere Mendigurenen iritzikoak gara.

Azken ordu erdirako utzi zuen Juan Luis Zabalak euskal literaturan euskarri berriek eta liburu elektronikoek eduki dezaketen paperari buruzko galderak. Xabier Mendigurenen hitzetan “irakurketa elektronikoa gauza minoritarioa da eta honela jarraituko du hurrengo urtetan”. Haren hitzetan industria teknologikoak literaturarekiko erakutsi duen bapateko interesak ez dituela moldeak aldatuko ezta irakurle kopurua aldatuko, ez gorantz eta ez beherantz. Gorkak aldiz etorkizun teknologikoa garbi ikusten du, horren adibide da nola izan diren arte guztiak teknologizatuak: “Baliabideak aldatu egingo dira, irakurlearen joerak aldatuko diren bezala”.

Hiru mahaikideek garbi utzi dute argitaletxe denak belarriak adi dituztela emango diren gertaeren aurrean. Bestalde, aitortu behar izan zuten ez daudela prest ebooken komertzializazio baterako. Gorkak gogorarazi digu badirela zazpi urte Susak beraien liburuak sarean zintzilikatzen dituztela.

Honela galderen ordua iritsi zen eta gure galderatxoa bota genuen: “euskal irakurlea eduki birtualak ordaintzeko prest egongo al da?” Estrategia egoki bat aplikatu ezkero, hau da, eduki digitalei prezio estrategiko egoki bat ezarri ezkero, seguruenik irakurleak ondo erantzungo duela esan zigun Xabierrek.

Gure ustez ordea, teknologiaren muga ez baldin bada ezabatzen eta liburu elektronikoa baino haratago begiratzeko gai ez baldin bagara, irakurlea ez baldin badugu hezitzen, laister ez da inor prest egongo zentimo bat ordaintzeko, kultura librearen babespean. Beldur gara ez diren musikaren pausu berak emango. Hala eta guztiz ere, gustora jaso dugu argitaletxeak gauza berriak egiteko prest daudela jakiteak, gauzak betiko moduan eginez gero ezinezkoa baita emaitza desberdin bat eduki.

Artikulu honetan jasotakoak gustura irakurri baldin badituzu, gogoratzen dizuegu beste lau aukera eder dituzuela ekitaldi bikain hauetaz gozatzeko. Hurrengoa: datorren ostegunean, urriak 8, Bilbon.

Irakurtzea behar dugu, eta agian, orain eta hemen, inoiz baino gehiago.


etorkizuna   euskara   irakurlea   111-akademia   euskal-literatura   mahai-ingurua