Idazlea itzultzaileen lantegian. «Danele Sarriugarte: Erraiak besteratzen»

Euskaratik beste hizkuntzetarako literatur itzulpengintza sustatzeko ahaleginari jarraituz, aurten ere Idazlea itzultzaileen lantegian itzulpen-tailerra antolatu du EIZIEk, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz. Aurkezpena Garoa Kultur Laben izango da urriaren 22an.

Aurten bertan argitaraturiko opera prima bat izango dute itzulgai lantegian parte hartuko duten itzultzaileek, Danele Sarriugarteren Erraiak liburuaren pasarte bat hain zuzen ere. Hiru izango dira aurtengoan xede hizkuntzak eta lau itzultzaile arituko dira lanean. Edurne Alegriak frantsesera itzuliko du testua, Esti Lizasok, katalanera, eta gaztelania izango dute xede bai Miren Iriartek eta baita Danele Sarriugartek ere, bakoitzak bere bertsioa egingo duelarik. Elizabete Manterolak koordinatuko du tailerra.

Jendaurreko ekitaldiak Lantegiaren emaitza urriaren 22an aurkeztuko dute jendaurrean lantegikideek, Donostiako Garoa Kultur Lab liburu-dendan, arratsaldeko 19:00etan. Lehenik eta behin itzulpen prozesuaren nondik norakoez arituko dira eta lantegiaren esperientziaren berri emango digute, eta jarraian irakurraldi laueleduna egingo dute. Bigarren aurkezpen bat ere egingo dute jendaurrean, Parisen hain zuzen ere. Lantegia amaitu berritan abiatuko dira harantz eta Sorbonne Nouvelle Unibertsitatea izango dute bigarren agertoki, bertako euskal irakurletzaren laguntzaz antolaturiko jardunaldian. Bigarren aurkezpen hori urriaren 24an izango da.