Paperezko Lagunak: 'Gure etxeko kontuak', Natalia Ginzburg

Trinitate kaleko 7. zenbakiko urteko azken irakurle bilerak Natalia Ginzburgen 'Gure etxeko kontuak' (Igela argitaletxea) eleberria izango du mintzagai Alex Gurrutxaga artzaiaren makilapean. Lagun arteko literatur solasaldi irekiak, ardoaz eta saltxitxoiaz goxatuta.

Sinopsia (Igela):

Hau da, dudarik gabe, Natalia Ginzburgen libururik adierazgarrienetako bat. Bere familiaren “lexikoa” du oinarri, axalean behintzat; baina batez ere hitzek, esaldiek, esaerek gogora ekartzen dizkioten gertaerak kontatuko dizkigu, horrek sortzen etxeko giroa adierazteko.

Natalia Ginzburgen liburuak irakurtzean berehala konturatzen gara oso hurbileko kontuak eta giroak berpizten dituela: horrela lortu zuen familia-kronikak osatzen dituzten lehengaiak erabiliz, hots, heriotzak, jaiotzak, senargai-andregai aldiak, ezkontzak, garai zail batean —faxismoaren gorakada, bigarren mundu-gerra—, Levi familiak eta haren ingurukoek (Pavese, Olivetti…) bizi izan zituen gorabeherak kontatuz, garai hartako familiako giro berezia, hitzek ekartzen dizkioten oroitzapenen bidez, guri biziaraztea.