"Ireneren unibertsoa", liburuaren aurkezpena

Carmen Arrazola idazleak 'Ireneren unibertsoa' liburuaren azken edizioa aurkeztuko digu, geroko piskolabis ttiki eta guzti. Txikienentzako opari eder bat gabonetarako. Olentzerok esan du aurkezpenera etorriko dela.

4-10 urte arteko neska-mutilentzako liburua da “Ireneren unibertsoa”. 15 eszena ditu, gauez nahiz egunez irakurtzeko, eta gida didaktiko batez horniturik dator, elkarrizketa eragitea duena helburu.

Liburu honetan, Irene izeneko 5 urteko neska baten ibilerak aurkituko ditugu. Irene bizkorra da, eta beti prest dago inguruko pertsonengandik eta egoeretatik ikasteko. Emakumez inguraturik bizi da: ama, lagunak, amona, amama, birramona… Denak dira emakume langile eta solidarioak, denak dira ‘maitagarriak’, egunerokoa magiaz betetzeko gaitasuna baitute.

“Ireneren unibertsoa” oso ipuin bisuala da, marrazki alai eta koloretsuz betea. Elkarrizketa laburrez osaturik dago, eta bertan agertzen diren galderek ez dute zertan beti erantzuna izan. Horrek, jakina, aukera ematen du elkarrizketa edo gogoeta neska-mutilen ezaugarrietara modulatzeko.

“Ireneren unibertsoa”, hortaz, komunikaziorako tresna bat da. Izan ere, elkarrekin hitz egiteko gogoa pizten du, hizkuntzaren ikaskuntzan laguntzen du, eta hainbat kontzepturen inguruan hausnartzea eragiten du.

Gainera, balioak nabarmentzen dira, ahalegina eta gogoa, esaterako, eta beste hainbat gai aztertzen dira: zer diren zortea, bakardadea, asperdura, aita izatea…

Liburu honetan, ‘aulki txikia’ dugu elkarrizketaren sinboloa, elkarrekin hitz egitearen sinboloa. Oteizak ‘bizi unitateak’ esaten zienak berreskuratu nahi izan ditugu horrela, gurea bezalako ahozko kultura batean oso ohikoak baitira unitate horiek.

Euskal Herrian jaiotako neska bat da Irene, eta, beraz, liburuko izenak euskaldunak dira, eta gertakizunak ere Euskal Herrian daude kokaturik, baina, era berean, unibertsalak dira. Ireneren unibertsoan, egun batzuk urdinak dira, beste batzuk grisak… Eta euria egiten du; euritsua da Ireneren unibertsoa!!