"Paperezko lagunak" taldearen lehen bilkura: Twist

Urriaren 18an, urriko hirugarren ostegunean, “Paperezko lagunak” taldearen lehen bilkura ospatuko dugu. Irakurle taldearen aurkezpenean hitzartu genuen bezala, elkarrekin zirtalduko dugun lehen liburua Harkaitz Canoren azken eleberria izango da, Twist.

Harkaitz Canoren Twist irakurri baduzu eta liburuaren ildo ezberdinak lagun artean arakatzea gustatuko balitzaizuke, jakin plazer horretaz gain honako eskaintzak jaso ditzakezula:

  1. Nahi adina te kikara
  2. Kafetxo bat europear erara: kafe disolbagarriak
  3. Sesamozko gailetak
  4. “Paperezko lagunak” taldearen hurrengo liburua
  5. Zure esku uzten dugu azken eskaintza

Twist

Egilea: Harkaitz Cano
Argitaletxea: Susa
ISBN: 9788492468348

Urte asko igaro ziren Soto eta Zeberiorenaz geroztik, eta bitxia zen, hasiera batean Lazkanok ez zuen aitaren desagerpena bere garai bateko bi adiskide haienarekin lotu. Ez zitzaion burutik pasatu, molde eta era oso ezberdinean izanagatik, Soto eta Zeberio desagertu ziren bezala, bere aita ere "desagertu" egin zela. Desagertua, desagertua, desagertua... desagerpena zela bere bizitzari auskalo norantz tira egiten zion zurrunbiloaren hegia.