Lasai ez da ezer gertatzen: Iban Zaldua + Ana Isabel Morales + Bassmatti

Ana Isabel Moralesek eta Iban Zalduak Ana Malagonen Lasai, ez da ezer gertatzen liburuko testuak irakurriko dituzte, eta Giorgio Bassmattik ipuin horietan propio oinarritutako kantuak eskainiko ditu.

Ana Malagon (Donostia, 1978) 2014ko otsailean argitaratu zen Lasai, ez da ezer gertatzen, 162 ipuin labur jasotzen dituen bere lehenengo liburua. Bakardade, frustrazio eta minaren inguruko istorioak dira, ironia ahaztu gabe beti ere.

Giorgio Bassmatti (Andoain, 1974) “Donostian bizi den andoaindarra naiz eta pop kantuak egiten ditut… gauza berezia prestatu dut egun honetarako, egile “oso” donostiar baten testuetan oinarritutakoa…”. Bere azkeneko diskoa, Vidaur & Bassmatti taldearekin, Melodías concertantes da (Jabalina, 2014), eta duela gutxi Oso Fan proiektua abiatu du.

Ana Isabel Morales (Bilbo, 1968) Itzultzaile-interpretea da, eta Xerezaderen Artxiboa izeneko literatur podkastean (www.blogak.com/xalp), Jasone Larrinagarekin batera, literatur testuen irakurketa dramatizatuak grabatzen ditu publikoari eskaintzeko. Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzkuak itzuli du, besteak beste (Elkar, 2013).

Iban Zaldua (Donostia, 1966) Idazlea eta batez ere narraziogilea. Ipuin irakurraldiak maite ditu, baina oraingoan ez dator bereekin, Ana Malagonenekin baizik, “joan den urteko euskal literaturako liburu onenetako bat” delako. Bere liburu berriena Inon ez, inoiz ez da (Elkar, 2014).