Kakatua dabel ur 2015

Urko Menaiak eta Urtzi Urkizuk olerki errezitaldi eta musika emanaldia eskainiko dute. Ekainean betetzen dira hamar urte Menaiak eta Urkizuk elkarrekin aurreneko emanaldia oholtza gainean egin zutenetik. 'Kakatua dabel ur' izenburuko ikuskizuna hainbat herri eta hiritan eskaini zuten 2005etik aurrera. Orduko testu batzuk, 'Kezka bat gutxiago' liburuko (2012) beste zenbait eta aurten idatzitako beste batzuekin osatu dute 'Kakatua dabel ur 2015'.

Urko Menaiak bide luzea egin du musikaren munduan. 2010ean sormen berriko bere lehen diskoa plazaratu zuen Gaztelupeko Hotsak disketxearekin: 'Ametsak eta oroitzapenak'. 2011n, NABOk (North American Organizations) gonbidatuta, Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan kontzertu bira egin zuen (Vancouver, Nevada, Denver, New York, Newport). 2014an, Urko Menaia & The Basques taldearekin kantu berriak jorratzeari ekin zion.

Urtzi Urkizu BERRIA egunkariko kazetaria da. 2000. urtean hasi zen jendaurrean olerkiak errezitatzen. Hainbat liburu kolektibotan parte hartu eta gero, 2007an 'Beta' narrazio eta olerki liburua argitaratu zuen (autoedizioan). 2012an, Maiatz argitaletxearekin 'Kezka bat gutxiago' olerki liburua plazaratu zuen. Mikelazulo kultur elkarteko kideekin batera hainbat ikuskizunetan parte hartu du: 'Bidaiak: tesina tragikomikoa eta testuen irakurketa onirikoa', 'Letren kilimak', 'Eskubiko pareta' eta abar.