Mikel Antzaren 'Ametsak ere zain' liburuaren poema errezitaldia

Ahotsa, gitarraz eta saxofoiaz lagunduko diote Mikel Antzaren azken lanari. Josu Landak (idazlea, poemen errezitatua egingo duena), Gotzon Barandiaranek (idazlea eta musikaria, Katamalo, ahotsa eta gitarrarekin), eta Itziar Castrillok (saxofoi jolea, jazzean diharduena eta tresna horretako irakaslea Durangon) gidatuko dute emanaldia.

Poemen egilea, berriz, kartzelan da, Okzitanian zehazki. “Mikel Antza idazlea zen sasian sartu aurretik, eta idazle izaten jarraitu izan du, ahal izan duen moduan, beti”, jakinarazi du Luzuriaga Martxan-ek. Ziurrenik horregatik, bere poesietan, denetik apur bat badela ohartarazi dute: “Politika, maitasuna, bakardadea, herria… Gaurko egunetik idazten du: hurbila zaigu dena Ametsak ere zain poema bilduman”. Aurten argitaratu du Antzak Ametsak ere zain liburua, Susa argitaletxearekin.

Hona hemen liburuaren aurkezpen gisa Mikel Antzak berak idatzitakoa: “Poema gordinak dira, gogorrak, heriotza eta kartzela eta gerra dute gai. Mina eta samina. Garratzak ere badira pasarte batzuk, ez oso ‘poetikoak’ beharbada. Baina maitasunezko poemak ere dira, norbanakoa baitute gai eta helburu. Eta aurrenik neroni; liburu honen idazketa bitartean nigan eragindako aldaketa sentitu baitut. Eta maitasunezko poemak ere dira, askatasuna dutelako amets, askatasunez idatziak direlako”.