Hazien ugalketari buruzko eskuliburuaren aurkezpena

Uztailak 7, Marc Badal ‘Haziera’ egitasmoaren arduradunak, berak idatzi duen ‘Hazien ugalketari buruzko eskuliburua’ argitalpenaren aurkezpena egingo du Donostiako Garoa liburudendan (Zabaleta kalea, 34), arratsaldeko 19:00etan.

Cristina Enea Fundazioak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, haziak ugaltzen ikasteko eskuliburua argitaratu du 2015 honetan, Haziera egitasmoari lotuta. Bere egilea den Marc Badal, aurkezpenean izango da argitalpenaren nondik-norakoak azaltzen. Liburuxka bertan erosi ahal izango dute gerturatzen direnek, euskaraz nahiz gazteleraz, 10 euroren truke. Gidaliburua Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean ere eskuragarri dago dagoeneko.

Argitalpenean hazien eta nekazaritza-biobibertsitatearen alde orokorrak azaltzeaz gain, hazien hazkuntza eta ugalketaren xehetasunak eta alde teoriko-praktikoak aurkezten ditu egileak, besteak beste hazitegiak ereiten eta lantzen, landare-aleen aukeraketa, hazien bilketa edota haziak erauzteko eta gordetzeko azalpen argi eta errazekin. Era berean gidaliburuak barazki nagusienen hazien ugalketa ere azaltzen du, ugalketa lanak noiz eta nola egitea komeni den adieraziz.

Egilearen esanetan, “honako argitalpen edo gidaliburu honek, hazien zaintzan eta ugalketan hasi nahi duen edonorentzat oinarri izan nahi du, landatutako bioaniztasunera gerturaketa bat, testu eta azalpen argi eta errazen bidez”.