Jenisjoplin. "Paperezko Lagunak" irakurle taldea.

Uxue Alberdik helduentzat argitaratu duen laugarren lana da Jenisjoplin. Nagore Vargasen izengoitia da Jenisjoplin. Rafa Vargas aitaren kantari kuttuna izan zen Janes Joplin-i hartua. Aldeak alde, Nagore Vargasek eta Janis Lyn Joplinek badute antzeko jite bat, hainbat paralelismo euren jardueran: erreboltariak dira biak ala biak, destino berak parekatuak: hiesa sindromearen eramaileak dira-eta.

Alde batetik, euskal gatazkari (edo gatazkei) buruz hitz egiten du. Garai baten erradiografia egiten du mende aldaketari begira jarriz. 1980ko hamarkada hasieran jaio zen protagonista den Nagore Vargas, eta 2010ean 28 urterekin hiesa diagnostikatu diote, ETAk armak utziko zituela adierazi zuen urte berean.

Beste alde batetik, euskal identitateari buruz mintzo da, egungo subjektu politikoa marrazten ahalegintzen da bertako pertsonaien, gertaeren eta hausnarketen bidez. “Klasearen, aberriaren eta sexuaren izenean nork bere amorrua katalizatzen zuen albokoaren aurka. Ni ikaragarri berotzen ninduen horrek guztiak” dio Nagorek.

Ziurtzat jotzen ditugun gauza asko zalantzan jarri behar ditugula gogorarazten digu nobela honek, gure izaeraren beraren oinarri direnak ere.