Bertha Gaztelumendi zine zuzendariaren eskutik "Mariposas en el hierro" film emanaldia

"Mariposas en el hierro" (Tximeletak burdinan) dokumentalak hainbat indarkeria-motaren biktima izan diren emakumeen testigantzak biltzen ditu. Euskal Herrian oinarrituta badago ere, beste leku batzuetako iritzi adituak ere jasotzen dira bertan, eta biktimen esperientziak testuinguru zabalagoan kokatzeko balio dute. Dokumentalean parte hartzen duten emakume guztiek indarkeria gainditu nahi dute, bakean eta justizian oinarritutako etorkizunari aurpegi eman ahal izateko. Hainbat ideologia, jatorri eta maila sozialetako emakumeak dira, baina, oinazeak oinaze, indartsu agertu dira zuzenean nozitu duten era guztietako indarkeria gainditzeko bideari ekiteko.

Film honetan ETAren indarkeria, GALena, indarkeria instituzionala, indarkeria matxista eta emakume etorkinek edo etxebizitzatik kaleratutakoek bizi dutena jorratuko ditugu; indarkeria horiek bizi izan dituzten emakumeak gaur egun zer-nola dauden, alegia. Guztiek elkarrekin, beren ahotsen bitartez, esperientziak, ekimenak, jarrerak eta nahiak oparituko dizkigute, eta bestelako agertoki batean kokatuko gaituzte. Batere indarkeriarik gabeko bizimodu baten duintasuna ulertzeko beste modu bat, Euskal Herriko gizarteak bake iraunkorra lortzeko duen itxaropenarekin loturik.

Sufrimendutik itxaropenera egindako bidaia da filma. Su eta burdinatik itsasoraino, azken hori askatasun-horizonte gisa ulertuta. Bidaian zehar geldialdiak egingo ditugu merkatuetan, emakumeek itundu eta adosteko aukera izan dezaten; batzuetan, elkarren aurka dauden ertzak lotzen dituzten zubien bitartez. Bidaia protagonisten ahotsen arteko elkarrizketa ere bada; ahots horiek, bestalde, ikusleei galdetuko diete beraiei ere eragiten dieten hainbat konturi buruz. Guztiok izango dugu galdera horiei erantzuteko aukera.